Bost gaztetik bat langabezian dago Nafarroan

2022/07/28
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren bigarren hiruhilekoko datuek lehen begiratuan datu positiboak diruditen arren, elementu negatiboak daude: emakumeen artean enplegua galdu da Nafarroan

Okupazioak gora egin du aurreko hiruhilekoaren aldean, 3.700 pertsona gehiago; hazkundea gizonen artean izan da (+7.400); emakumeen artean, berriz, okupazioak behera egin du (3.700). Sektoreei dagokienez, okupazioaren hazkundea guztietan eman da, nabarmenena zerbitzuen sektorean izan da, 2.000 pertsonako igoerarekin. Inkestak adierazten du, halaber, sortutako enplegu guztia (+7.300) norberaren konturako langilearena dela, eta horrek erakusten du sortutako enplegua aldakorra dela, segmentu horrek aldakuntza handiagoa baitu egonkortasunari dagokionez. Gainera, datu guztiak positiboak badira ere, oraindik ez da iritsi 2019ko bigarren hiruhilekoko okupazio-mailara.

Lanik gabeko pertsonei dagokienez, bigarren hiruhilekoan 28.100 langabe izan dira Nafarroan, hau da, 5.600 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Beraz, Nafarroako langabezia tasa %10,4tik %8,8ra jaitsi da. Langabeen artean, ikusten dugu emakume gehiago daudela egoera horretan. Azken hiruhilekoan emakume langabeen kopuruak gora egin du; Nafarroan, emakume langabeen tasa % 9,9ra igo da; eta gizonena, berriz, % 7,7ra jaitsi da.

Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia-tasa oraindik ere oso azpitik dagoela ( % 6,1). Azkenik, gazteen egoera prekarioa aipatu behar da; gazteen langabezia-tasak ere gora egin du lehen hiruhilekoaren aldean, eta % 20ko muga gainditu du, hau da, bost gaztetik bat langabezian dago.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru ekonomiko batean gaude, non bizitzaren garestitzea gero eta nabarmenagoa den. Enpleguari ere eragiten dion testuinguru honetan, une honetan, Nafarroan milaka pertsona egoera prekarioan daude, asko soldata baxuekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin. Horregatik, egoera horren aurrean, antolaketa eta mobilizazioa behar dira, langile-klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.