Casa Misericordia: borrokatzeak fruituak ematen ditu!

2017/12/21
Iruñeako Casa Misericordiako langileek aurre-akordioa lortu dute. Lau hilabete luze igaro dira gatazka hasi zenetik eta azkenean lortu dute euren lan-baldintzak hobetuko dituen aurre-akordioa sinatzea. Lehendabiziko mobilizazioak azaroaren 22an hasi ziren: Iruñeako alde zaharreko manifestazioak; elkarretaratzeak udaletxe aitzinean eta zezen plazako kalean; auto-ilarak erdialdetik; kanpaldiak Casa Misericordian bertan; bi eta hiru orduko lanuzteak txanda bakoitzean; eta, azkenean, abenduaren 16rako greba-deialdia egin ondoren, akordio bat lortu da.

Aurre-akordio hau ez da inondik inora enpresaren meritua izan, egonean egon baita, deus ere egin gabe langileen baldintza duinak negoziatzeko. Hala ere, Casa Misericordiako lankideek, ELA sindikatuko ordezkarien gidaritzapean, aurre-akordioa lortu dute zuzendaritzarekin, eta, horren bidez, orain arte marra gorriaz haratago zeuden lorpenak eskuratu ditugu.

Izan ere, akordioaren baitan honelako puntuak barne bildu dira: aurrera-eragin mugagabea; erreforma-aurkako klausulak; Nafarroako KPIren pareko igoerak hitzarmenaren indarraldiko 4 urteetan; bi eguneko murriztapena txanda guztietan; eta gauza bera pertsonal kontratatuarentzat (6 hilabetetik beheitiko kontratuen kasuan egun 1); langile finkoko kopuru berdina mantentzeko konpromisoa; eta antzinatasunaren arabera kontratu mugagabea izatera igarotzea.

Argi dago mobilizazioa ezinbestekoa dela lan-baldintzen aldeko borrokan, eta ELA izan da Casa Misericordiako borrokan lidergoa izan duen sindikatua.

Mila esker denoi zuen borrokagatik!