CCOO eta UGT sindikatuek iruzurra egin diote General Millseko plantillari hitzarmena sinatzerakoan

2017/09/27
ELA eta LABen salaketaren arabera, CCOO eta UGT sindikatuek iruzurra egin diote General Millseko plantillari hitzarmena sinatzerakoan. Izan ere, hitzarmena langileei bizkarra emanez sinatu da, ezkutuan. Joan den uztaileko erreferendumean gaitzetsitako baldintzak, aldaketa handirik gabe, hitzartu dira.

ELA eta LAB atal sindikalok, Enpresa Batzordeko 21 ordezkarietatik 10 daukagula (6 eta 4 hurrenez hurren), salatzen dugu CCOOek eta UGTk plantillari egindako iruzurra, San Adriango General Mills-en Hitzarmena sinatu baitute.

Uztailean CCOO eta UGT atal sindikalek hitzarmenaren aurre-akordio bat lortu zuten, baina langileei galdetu ondoren, emaitza hauxe izan zen: 261 boto aurka eta 138 boto alde.

Ondorio hori atera arren, sindikatu sinatzaileek ez dute berriro negoziatu, ez diote bestelako proposamenik egin Zuzendaritzari, aurre-akordioa hobetzeko eta langileei testu hobe bat eskaintzeko; nahiz eta ELAk eta LABek baterako proposamen bat aurkezteko aukera eman.

Jokabidea biziki larria iruditu zaigu. Langileei begirunea galdu zaie, eta gainera oso erabaki antidemokratikoa izan da.

Azken emaitza enpresaren interesen araberakoa da; izan ere, hasieratik nahi zuten hitzarmena lortu dute, eta baita bake soziala ere; baina langileen benetako beharrizanak eta eskariak jorratu gabe utzi dira.