Clinhotelek Nafarroako hoteletan kaleratutako 45 langileei atzeratutako soldatak ordaintzea exijitzen dugu

2019/01/03
Pompaelo, Villa de Castejón eta El Torok azpikontrataturiko garbitzaileak euren plantilletan hartu behar dituzte; egun, 3 euro baino gutxiago ordaintzen diete gela bakoitzeko

ELAk Clinhotel enpresari exijitzen dio urritik atzeratutako soldatak bere 45 langileei ordaintzea. Gainera, langile hauek Gabonak baino lehen kaleratu zituen. Clinhotel azpikontrata bat da, eta gelen garbiketa zerbitzua eskaintzen du ‘outsourcing’ gisa, besteak beste Pompaelo, Villa de Castejón eta El Toro hotelen mesedetan. Hotel hauek modernoak eta bereziak balira bezala aurkezten dira, baina zerbitzuak azpikontratatzen dituzte lan-kostuak merketzeko, beti ere langileen kaltetan. Zehazki, 2,15 eta 2,80 euroren arteko dirua ordaintzen diete garbituriko gela bakoitzeko.

ELAk hotel hauen zuzendaritzekin hitz egin du, prekarietate honen erantzuleak direlako, garbiketa zerbitzua barneratu dezaten. Helburu hori, esaterako, Alma Muga de Beloso hotelean lortu genuen, ELAren borrokari esker.

Zerbitzuaren barneratzea gelen garbitzaileak hotel horien langileak direla aitortzea da. Orduan, bere lana jardunaldien arabera kobratuko lukete, eta ez zenbat gelak garbitzen dituztenen arabera. Horrek kalitate hobekuntza ekarriko luke, hotelentzat zein bezeroentzat. Zenbat gelen garbitzen dituztenen araberako lanaldiek gainkarga fisiko handiak eragiten dute, eta garbiketaren neurri bakarra da 15/20 minutu gela bakoitzeko. Horrek ez du kontuan hartzen gela bakoitzaren egoera, zenbat ohe daude eta maindireak aldatu behar diren ala ez, besteak beste.

ELAk gogoratzen du esplotazio honen azken erantzuleak zerbitzu hau azpikontratatzen duten hotelak direla. Zehazki, Ostalaritzaren Hitzarmena ez aplikatzeari esker merketzen dute euren zerbitzua, langileen baldintzak okertzen eta prekarietatea areagotuz. Gauzak horrela, Clinhotelek atzeratutako soldatak ordaindu behar ditu eta aipatutako hotelek langile hauek euren plantilla propioan sartu behar dituzte. ELAk mobilizazioekin jarraituko du helburua lortu arte.