Defontaineko langileek greba irabazi, eta enpresa hitzarmenean lan-erreforma indargabetzea lortu dute

2019/05/10
25 egunez greban egon ondoren lan-erreforma indargabetzea lortu dute. Langileen antolamendua eta kemena izan dira garaipenaren gakoa.

Defontaine Iberica enpresa Vianan dago, eta 37 langile aritzen dira bertan. Langileek 3 ordezkari dituzte, hirurak ELAkoak. Defontaine Ibericaren jarduera automobilgintza sektoreko piezak egitea da, eta Thyssenkrupp multinazionalaren enpresa-sarekoa da.

 

Gaur, 2019ko maiatzaren 10an, akordioa lortu dute Defontaine enpres, 25 eguneko greba egin eta gero. Akordio hori enpresa-hitzarmen batean jasoko da, eta hurrengo eduki hauek izanen ditu:

 

  • Indarraldia: 2019-2021.

  • Azken lan-erreformen alderdirik atzerakoienak kendu dira. Eta haien ordez ultraaktibitate mugagabea eta borondatezko arbitrajea sartu dira.

  • Soldata-igoerak KPI historikoa + 1%.

  • Kaleratzeen kalteordainen igoera.

 

 

Defontaineko langileek egindako borroka eredugarria izan da; izan ere, langile-kidego batek, antolamendu bidez eta helburu amankomun baten lelopean, bere lan-baldintzak duintzea lortu du. Baina, 25 greba-egunen ondotik garaipen hori izateko, erabakigarria izan da ELA sindikatuaren Erresistentzia Kutxa.

 

Azkenik, ELAk zorionak ematen dizkie Defontaineko grebalariei, erakutsitako kemena eta ausardiagatik. Lehendabiziko enpresa-hitzarmena lorpen handi bat izan da, baina gerora begira oso garrantzitsua izanen da plantillaren batasunari eustea, lan-baldintzak hobetzeko bidetik jarraiki ahal izateko.