Desenpleguan dauden 10 pertsonatik 6 emakumeak dira, nahiz eta biztanleria landunaren erdia baino gutxiago izan

Desenpleguak bigarren hilabetez jarraian egin du gora Nafarroan, urrian 87 pertsona gehiago egon dira enplegu gabe, 31.275 guztira. Hala, desenplegu-tasa % 9,7koa da, Europar Batasunean baino ia lau puntu handiagoa, irailean % 6koa izan baitzen (azken datua).
Emakumeen artean desenplegua mantendu egin da; hala ere, desenpleguak neurri handiagoan eragiten die emakumeei. Egoera horretan dauden emakumeen proportzioa askoz handiagoa da oraindik; zehazki, gizonak baino 6.807 emakume gehiago daude enplegu gabe. Bestalde erregistratutako desenpleguak behera egin du industrian eta eraikuntzan; aldiz, nekazaritzan eta zerbitzuen sektorean igoera txikia eman da.
Kontratazioari buruzko datuei dagokienez, ez da hobekuntzarik ikusten aurreko hilabeteekin alderatuta. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 74 aldi baterakoak izan dira, hau da, urrian sinatutako lau kontratutik ia hiru aldi baterakoak izan dira. Hau da, alde batetik, desenpleguak ez du behera egin azken hilabetean, eta, bestetik, sinatu diren lau kontratutik hiru aldi baterakoak dira, eta, beraz, esan daiteke enpleguaren kalitatea okerrera doala.
Ziurgabetasunaren eta krisiaren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horregatik, ELAk neurri irmoak eskatzen ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzea, finkatzea eta KPIren araberako igoerak.