Desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ez zuten inolako prestaziorik jaso
Nafarroan 2.294 pertsonatan murriztu da desenplegua ekainean. Langabeziaren murrizketa hori batez ere zerbitzuen sektorean gertatu da, baita gazteen artean ere. Horrek erakusten du sortu diren enpleguak ziklo ekonomikoarekiko sentikorrak direla.
Europarekin alderatuta, Nafarroaren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Nafarroan, tasa % 11,6koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 7,2koa. Beraz, datuek erakusten dute langabeziaren igoera askoz handiagoa izan dela Nafarroan EBko kide diren herrialdeetan baino.
Prekarietateak bere horretan jarraitzen du. Ekaineko kontratuek gora egin dute maiatzeko datuekin alderatuta, hala ere, kontratuen hazkundeak ez dakar kalitatezko enplegua. Halaber, Espainiako Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera, kontratu gehienak aldi baterakoak dira, zehazki, behin-behinekotasuna % 94,6koa da.
Desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ez zuten inolako prestaziorik jaso maiatzean; zifretan, 21.578 pertsona egon ziren inolako prestaziorik gabe. Gainera, lau langabetik batek ( % 24) soilik kobratu du kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.
Egoera horren aurrean eta azken egunetako lan-erreformaren inguruko albisteen aurrean, ELAk berriro ere dio aukera bakarra PSOEren eta PPren lan erreformak erabat indargabetzea dela, hauek soldaten debaluazioa eta prekarietatea baino ez baitiote ekarri langileei. Zentzu horretan, ELAk elkarrizketa eta hitzarmen soziala baztertzen ditu, patronalari beto eskubidea ematen diolako lan erreformak indargabetzeko orduan. Beraz, langile-klasearen pobretze egoerari aurre egiteko eta horien lan-baldintzak hobetzeko, elkarrizketa sozialaren adostasunetik kanpoko neurri irmoak hartu behar dira.