Diario de Noticias-eko langileek zazpi kaleratzeen aurkako greba mugagabea egingo dute

2019/07/08
Lanuzteak uztailaren 11n hasiko dira; langile batzordeak negoziazio falta salatu du Lizarra eta Tuterako delegaritzak ixteko prozesuan.

Diario de Noticias-Zeroa Multimediako langileek zazpi kaleratzeen (bost emakume eta bi gizon) aurkako greba mugagabea hasiko dute uztailaren 11n. Zuzendaritzak Sanferminen bezperan jakinarazi zuen, inolako negoziaziorik gabe. Lizarra eta Tuterako delegaritzaren itxierak zazpi kaleratze hauek ekarri ditu. Galera handia izango da, profesionalaren zein kazetaritzaren aldetik ikusita, eta neurri honek ez ditu enpresaren arazoak konponduko, larritu baizik ez du egingo.

Enpresa batzordeak (CCOO-eko 6, ELAko 2, Solidari 1) argi zeukan hasieratik ez zuela onartuko negoziaziorik ez abiatzea halako neurri bortitzak hartu baino lehen. Hori dela eta, lehendabizi elkarretaratze bat deitu zuen uztailaren 5ean, oso jarraipen handia izan zuena. “Egunkariko langileen eta horiek ordezkatzen dituen organoaren kontrako eraso zuzena da hau; gainera, Diario de Noticias-ek bere hastapenetan editorialean barne hartu zituen printzipio etikoen kontrako erasoa ere bada”, dio komiteak bidalitako oharrak.

Dena den, langileek berretsi dute Diario de Noticiaseko irakurleekiko erabateko konpromisoa mantentzen dutela, baita Nafarroako gizartearen aniztasunaren aldeko jarrera ere. Hala ere, zazpi lankide kaleratzeak eta bi delegaritza ixteak egunkariaren kalitatean eragin zuzena izango duela gehitu dute. Denontzako ohartarazpena izan da. Eguneroko prentsaren egoeraz jakitun gara, eta bankarekiko negoziazioak nola dauden ere badakigu, baina Diario de Noticias-ek zer izan nahi duen galdetzeko unea iritsi da. Dakigun bakarra da gaur zazpi lankide gutxiago garela; bihar ez dakigu zenbat izanen garen, baina egunkariaren edukia kaltetuta aterako da, ezinbestean”. Gauzak horrela, greba mugagabea da zuzendaritzak utzi duen aukera bakarra, eta ELAk bere base osoa adierazi nahi die.