Ehunka lagun atera dira kalera Geroa Bairi (EAJ), Bilduri eta Podemosi pentsioak murriztea galarazteko eskatzeko

2021/10/24
ELAk euskal alderdiei lan erreforma indargabetu eta eskubide sozialak defendatzeko Madrilen dituzten botoak erabiltzea eskatu die Iruñeko manifestazioan

Ehunka lagun atera dira kalera gaur, urriak 24, Iruñean 'Pentsioen murrizketarik ez; lan erreforma indargabetu' lelopean, Pedro Sanchezen Gobernua une honetan negoziatzen ari den erreformak baldintzatzeko helburuarekin. EBk bere garaian erreforma horiek eskatu zituen Europako funtsen truke.

ELAk deitutako manifestazioek mezu zuzena dute ('Ez gaitzazue Madrilen saldu'), Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei zuzenduta (EAJ, Bildu eta Podemos), izan ere, euren botoak erabakigarriak dira Espainiako Gobernuak erreforma horiek onartu ahal izateko. Zentzu horretan, ELAk azpimarratu duenez, "Erreforma horiek Euskal Herritik baldintza daitezke, eta alderdi horiek gure herrialdeko ehunka mila pertsonaren lan eskubideak eta pentsioak defendatzeko ardura dute”.

Euren hitzaldian, Leire Gallegok (ELAko Industria arduraduna) eta Iñigo Campo (ELA-Erriberako arduraduna) azpimarratu dute: “Asko dugu jokoan hurrengo asteetan. Hamarkada bat daramagu azken pentsio eta lan erreformen ondorio latzak pairatzen. Orain datoz Europar funtsak, eta ez dira opari bat, mehatxu bat baizik. Aurreko krisian diru publikoa bankuetara joan zen; orain asmoa da dirua enpresa handietara bideratzea, eta horren truke gobernuak lan erreforma ez indargabetzea eta pentsioak murriztea. Horixe da Sanchezek eta EBk egin duten tratua”.

“Badugula aski arrazoi kezkatzeko -gaineratu dute-. Escrivá ministroak esan du: bi aukera daude, erretiroa beranduago hartu edo pentsio txikiagoa jaso. Hori da bere proposamen bakarra. Hori egiteko mekanismo berri bat ezarri nahi dute: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (erdaraz MEI), etorkizuneko gobernuek pentsioekin nahi dutena egiteko aukera izan dezaten”.

“Behin eta berriz nabarmendu dugu lan erreforma indargabetu egin behar dela -esan dute-, batik bat bi arrazoirengatik: Lehena, bermatzea Nafarroan aplikatzen diren hitzarmenak hemen sinatzen ditugunak direla, eta ez digutela inposatuko miseria dakarren estatu mailako hitzarmenik. Gure hitzarmenak printzipio demokratikoz defenditzen ditugu. Bigarren arrazoia kaleratze kolektiboak dira: EEE. Zer ari gara eskatzen? Hau ez dadila izan barra librea irabaziak dituzten enpresek kaleratzeak nahi duten moduan egiteko”.

Leire Gallegok eta Iñigo Campok alderdi politikoei ere mezua luzatu diete: “Eskuin muturrari ez zaio irabazten murrizketa politika eginez edota jendearen kezkak ahaztuta. Eskuin muturrari aurre egiteko min ematen dion kontuak baliatu behar dira: ezkerreko programa politikoak; berdintasun handiagoa, eskubide sozial gehiago, gehiago dutenei gehiago ordainarazten dien zerga-politika eginez, feminismoaren bidez, etxebizitza politikak ezarriz. Hau da, haiek ez diren guztia eginez”.

“Tamalez -gogoratu dutenez-, honelako erabakiak oraindik ere Madrilen hartzen dira, baina Euskal Herritik baldintzatzeko modurik badago. Sanchezen Gobernuak ez dauka gehiengorik. Euskal alderdien botoak behar ditu. Horregatik atera gara kalera gaur, Geroa Bairi (EAJ), EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi eskatzeko hitza eman dezaten beren botoarekin ez dela pentsioen murrizketarik onartuko, eta lan erreforma goitik behera indargabetzea defendituko dutela. Horregatik esaten diegu: Ez gaitzazue Madrilen saldu!”.

Datozen asteei begira, honako mezu hau bota dute: “Mobilizatzen jarraituko dugu: ELAk bere esku dagoen guztia egingo du; horregatik sindikatuak prest egon behar du greba orokorrerako. Lan baldintzak eta eskubide sozialak arriskuan daudenean, geldirik egotea, isilik egotea ezin da sekula aukera bat izan sindikatu batentzat. ELAk betidanik egin izan duena egingo du: langile-klasearen interesei emango die lehentasuna”.