Nafarroako Volkswageneko enplegu-akordioa etsigarria da
Nafarroako ELA-Volkswagen Atal Sindikalaren iritziz, sinatu berri den VW enplegu plana etsigarria da eta aurrekoaren segida baino ez da.
VW-Nafarroako enplegu-plana negoziatzean ELAk gogoan izan duen helburua enplegua ugaltzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea izan da, aberastasun gehiago sortzeko. Hori guztia neurtzeko modukoa izan behar zen, irizpide inpartzial batzuen bidez; bai enpresak, bai batzordeak, baita langileek berek ere, egiaztatzeko aukera izan zezaten.
Enplegu-akordioak konfiantza-giroa indartu behar zuen langileen artean, zalantzarik eta ezbairik gabe etorkizunari begiratzeko, beti ere enplegurako sarbidean tratu-berdintasunaren eta norberaren izaeragatik edo sindikatuetan afiliaturik egoteagatik edo parte hartzeagatik diskriminaziorik gabeko printzipioa aintzat hartuz. Horrela, gardentasunez jokatuz, enplegu-egonkortasuna eta hazkundea sustatzeko helburuak bilatu behar ziren, lehentasuna gazteei eta emakumeei emanez, eta aparteko kualifikazio teknikorik behar ez duten postuetan lantegian metaturiko antzinatasuna errespetatuz.
Sindikatu honek ibilbide luzea eman nahi zion akordioari, eta horretarako, hiru proposamen aurkeztu zituen, egindako ahalegina aitortuz eta azpimarratuz. Halere, Zuzendaritzak kanpo utzi ditu gure ekarpenak, alegia, gardentasunaren eta aukera-berdintasunaren alde planteatu genituen atalak. Hortaz, etsigarria bada ere, Volkswagen-Nafarroak ez du aldatuko orain arteko politika sozio-laborala.