ELA EH-Bilduri, EAJri, Podemosi eta Izquierda-Ezkerrari euren botoarekin sektore publikoaren soldaten eta enpleguaren arloko eskumenak defenda ditzatela eskatzeko mobilizatu da

2022/11/21
Aste honetan bozkatuko den Aurrekontuen Legean zuzenketak sartzeko protestak eta gutun banaketak egin ditu, Madrildik ezarritako soldaten eta enpleguaren gehienezko mugak ezabatzeko.

Madrilgo Kongresuan Estatuko aurrekontuen eztabaida hastearekin bat, sektore publikoko ELAko militanteak mobilizatu dira gaur Nafarroako Jauregian, honako helburu hau lortzeko: Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoek hainbat zuzenketa sar ditzatela Aurrekontuen Legearen testu artikulatuan, Estatuak sektore publikoaren soldatetan eta enpleguan duen eskumen-inbasioa gutxitzeko. Horrela, Nafarroako Gobernuak eta udal eta foru-erakundeek Madrilek ezarritakoa baino soldata-igoera handiagoak adostea posible izango da, bai eta enplegu publikoaren arloko beharrizanei buruz erabakitzea ere.

Alde batetik, ELAk gutun bana eman die alderdi politikoei, berriz ere eskatuz eskumen inbasioa ezabatzen duen testu artikulatua Aurrekontu Legean sartzea eta, era berean, gure herrialdean soldata eta enplegu igoerak negoziatzea eragozten duten Estatuko aurrekontuak ez babestea. Bestalde, gutunak entregatu ondoren, Nafarroako Gobernuan sartu dira ELAko militanteak barruan protesta egitera.

Nafarroako Gobernuak beste erabaki batzuk hartzeko inolako tarterik ez dutela argudiatzen du, baina ez da egia. Madrilgo Aurrekontuen Legea da hemengo sektore publikoan mugak jartzen dituena, eta Lege hori hemengo alderdi politikoek babestu izan dute.

ELA mobilizatzen jarraituko da enplegatu publikoen soldata eta zerbitzu publikoetan dauden beharrak Nafarroan erabaki daitezen defentzateko.