ELA eta LAB Lan Osasuneko Nafarroako Kontseiluaren bileratik altxa dira Gobernuak lan istripuekiko duen ekimen falta salatzeko

2018/09/20
Uda sasoi odoltsu baten ostean, Nafarroan 11 langile lanean edo lanerako bidean hil direnean, premiazko neurriak proposatzeko garaia da, lan istripuen hazkundeari aurre egiteko bidean. Bada, Nafarroako Gobernuak urriaren 10era arte atzeratu du gai honen eztabaida, eta Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren bilera deitu du gaurko, irailak 20, gai bakar batekin: patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek Estatu mailan aurkeztutako zenbait proiektu onartzea.

Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren bilera ELA eta LAB sindikatuok publikoki galdegin diogu Nafarroako Gobernuari prebentziorako funtsen kudeaketa propioa ukatu izanari buruz, baita Estatu Mailako Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioaren sistema iluna babestu izanari buruz ere. Baina, dirudienez, Nafarroako Gobernuak bere horretan darrai.

Bestetik, formei dagokienez, negargarriak dira eta Gobernuaren lehentasunak garbi adierazten dituzte: garrantzitsuena ez dira 11 heriotzak, Nafarroako langileok kotizazioen dirua UGT, CCOO eta CENera bideratzea.

Horregatik, Lan Osasuneko Kontseiluko ELA eta LABeko ordezkariok gai-ordena aldatzea eskatu dugu, Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazio Estataleko funtsen inguruko puntua kenduz eta puntu bezala jarriz lan istripuen gorakada larria eta hauen ondorioz ematen diren heriotzak. Lan Osasuneko Kontseiluko presidenteak, Politika Ekonomiko, Enpresarial eta Lanaren ingurukoaren Zuzendari Izaskun Goñik, ordea, ez du gure eskaria onartu, hortaz, ELA eta LABeko ordezkariok bilera utzi dugu protesta bezala.

Hemendik gutxira ELA eta LABek prentsaurrekoa deituko dugu egoera larri honen inguruan hartutako erabaki eta ekimenak jakinarazteko.