Nafarroako Foruzaingoaren lan-baldintzak hobetzeko aukera galdu da legegintzaldi honetan

2019/05/06
ELA-Foruzaingoa Atal Sindikalak azken 4 urteen gaineko balorazio negatiboa egin du lan-baldintzei dagokionean.

Atal Sindikalaren oharra

Oraingo legealdia bukatzear dago. Orain dela 4 urte uste genuen Foruzaingoko lan-baldintzak hobetzeko aukera ederra izanen genuela; batez ere, UPNren eta PSNren lehengo ibilbidea kontuan harturik. Hala ere, behin legealdiaren balantzea egin ondoren, emaitza arras etsigarria da:

  • Polizia-zerbitzuak esternalizatu dituzte. Lehen Foruzaingoak egiten zituen zerbitzuak orain segurtasun pribatuko enpresek egiten dituzte. Hori dela-eta, foruzainen hamarrenari lan-baldintzak aldatu dizkiote, eta foruzain bakoitzak 97 ordu gehiago lan egin behar ditu urtean, eta batez bertzez 150€ gutxiago kobratu hilean.
  • Polizia-jarduerarekin loturiko ikastaroetara joateko hautagaiak nahierara aukeratzen dituzte; berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipioak alde batera utziz.
  • Plantilla organikoan jasota ez dauden zenbait unitate sortu dituzte.
  • Foruzaingoaren ibilbide osoari erreparatuz gero, orain inoiz baino behin-behineko izendapen eta zerbitzu-eginkizun gehiago daude.
  • Polizia Lege berria onetsi zenetik 5 hilabete iragan ondoren, oraindik ez dago jakiterik nolakoak izanen diren, bertzeak bertze, ordutegiak, lanaldiak, lansariak edo bigarren jarduerako postuak, Foruzaingoaren atal desberdinetan.
  • Laster batean foruzainendako lekualdatze-lehiaketarako deialdia eginen da, eta ez dago jakiterik nolakoak izanen diren Foruzaingoaren ataletako lan-baldintzak.
  • Medikuarengana joateko baimenetan eta aita-amatasunaren baimenetan diskriminazioa egiten da, Nafarroako gainontzeko administrazio publikoetako funtzionarioen aldean.
  • Horrez gain, kontuan hartu behar dugu benetako haustura bat dagoela kidego horretan, Nafarroako Polizia Legea aldatu zenetik, eta orobat Barne Departamentuko arduradunek ordezkari sindikalei agertzen dieten enpatiarik eza eta, batzuetan, gutxiespena ere, azken 4 urteetako legealdiaren gure balioespena ezin da negatiboagoa izan.