ELA-Foruzaingoak Lege-proposamena errefusatzen du Nafarroako polizi gehienen lan baldintzak kaltetzen dituelako
ELAren Atal Sindikalak lege-proposamenaren edukiari uko egin dio, hurrengo arrazoiak direla-eta: malgutasun-neurriak dakartza, eta soldaten arteko bereizketa horiek soldata-eskala bikoitzaren pare dira (proba fisikoen diru-konpentsazioa mantenduko zaie oraingo agenteei, baina kenduko zaie sartuko direnei); osagarri arrazoitu gabeen kobrantza dakar; hala nola lanpostuan irauteko balioztatze subjektiboak; eta baita egutegiak alde bakarretik aldatzeko aukera ere.
Ondorioz, negoziazio txar horren erantzuleari, esparru horretako sindikatu nagusiari (APF/SPF), egozten diogu bakan batzuen interesengatik begiratu izana, aginteko goiko eskalakoen interesengatik, alegia; tarte horretan pilatzen baitira beren afiliatu gehienak. Aipatu beharrekoa da oraingo negoziazio-prozesua hasi zela Nafarroako Parlamentuak 2017ko urrian lehenagoko Polizia Legearen proiektua ezetsi ondoren, eta ELAren iritziz ulertezina dela negoziazio-prozesu berrian Barne Departamentuko ordezkaririk egon ez izana.
Orobat, ELAk salatu duenez proposamen horren bidez ez dira lehengoratuko pribatizazio eta murrizketak, Barne Departamentuak 2017ko azaroan egin zituenak. Oroitarazi behar dugu erabaki horren ondorioz zenbait zerbitzu kendu zirela, bertze hainbat lantalde deuseztatu, eta foruzainen ordez segurtasun-zaintzaileak jarri zirela Belosoko komisaldegian. Hori, izatez, UPNren gobernuen politika bera berrabiatzea da: zerbitzu publikoak murriztea, enpresa pribatuen mesedetan.
Bertzalde, ELArendako deigarria da UPNk kontrako jarrerarik hartu ez izana. Horrek zer pentsatu handiak eman beharko lizkieke lege-proposamena adostu duten parlamentu-taldeei (Geroa Bai, Bildu eta APF/SPF), ezarri nahi duten polizia-ereduari buruz.