ELA-Foruzaingoak Nafarroako Larrialdi-Arretaren inguruan sorturiko eztabaida aizuna eta interesatua dela salatzen du

2018/10/15
Azken egunotan Nafarroan sortu den polemika hori gezurrezkoa dela salatzen dugu ELA-Foruzaingotik, benetako helburua Estatuko polizia-kidegoen (Guardia Zibila eta Polizia Nazionala) betiko asmoa betetzea baita, alegia, herritar nafarren laguntza-eskeak eta larrialdiak kudeatzen diren 112 aretora sarbidea izatea.

Alde horretatik oroitu beharrekoa da kasu bietan Estatu-esparruko polizia-kidegoak direla, mailaz goragoko organoak ez dituztela Nafarroan, eta garrantzi handiagokoa dena, gure erakundeek (gobernua eta parlamentua) ez dutela haien gainean inolako kontrolik. Beraz, 112 Larrialdi Kontroleko Zentroko partaide ez izateak badu arrazoi nahikorik. Ezin da eskatu informazio-eskubiderik, gero ez badago jarduteko eginbeharrik, eta argi dago Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren aginte-katea Nafarroako Jauregitik urruti dagoela.

Polizia-kidegoen arteko koordinazioari dagokionez, ELA-Foruzaingoaren iritziz koordinazio hori hurbiltasun eta gaitasun printzipioen arabera egin behar da. Larrialdi-kasuetan hurbilen dagoen polizia-kidegoak artatu behar du. Bertaratzen den polizia-kidegoak ez badu gaitasunik, eskumenik edo bere lurralde-eremutik kanpo badago, hurbilen dagoen eta ardura hartzeko moduan dagoen polizia-kidegoaren eskuetan utziko du kasua. "Administrazioen arteko subsidiarietate-printzipioa" delakoa polizia-arloan aplikatzea da.

Eta ELA-Foruzaingoan uste dugu larrialdietan behar bezala jokatzen dela. Larrialdi batek poliziaren parte hartzearen beharra badu, 112 aretoak Aginte eta Koordinazio Zentroari jakinarazten dio. Hortik Guardia Zibilaren zentralari (COS edo COTA) ematen zaio jakitera, eta gertakaritik hurbilen dagoen patruila bidaliko du. Larrialdia Iruñean bertan gertatzen bada, normalena Udaltzaingoari deitzea da, hori baita poliziarik hurbilena.

Egia da, batzuetan, polizia-kidego bat baino gehiago azaltzen direla istiluaren edo gertakariaren lekutik, eta bikoiztasuna gertatzen dela. Bikoiztasunak, ahal dela, ekidin behar dira; zeren, horrela gertakaria egokiro bideratzea ziurtatzen bada ere, eskuragarri dauden baliabideak ez dira efizientziaz kudeatzen.

ELA-Foruzaingotik proposatzen dugun konponbidea da Nafarroako Gobernuak modu esklusiboan har ditzakeen eskumenak hartzea, eta eginkizun berri horiek egiteko behar dituen giza eta gauza baliabideez hornitzea. Prozesu horretan gainerako polizia-indarrak hein berean gutxitu beharko lirateke.