ELA-k Magnesitas de Navarra-ren azpikontrata den Bregamendi enpresan dagoen lan prekarietatea salatu du

2021/10/20
Bregamendi erauzketa-industriarako makineriaren mantentze-lanetan eta berrikuspenean aritzen den enpresa bat da, eta, era berean, “Magnesitas de Navarra”-rentzako azpikontratatuta lan egiten du.

ELAk salatu du urriaren 5ean hiru langile kaleratu zituztela Bregamendin, eta horietatik bik legez kanpoko lagapen-demandak jarrita zituztela Bregamendi eta Magnesitasen aurka. Legez kanpoko lagapena eskatu zuten bi langileek ez dute kalte-ordainik jaso kaleratzeengatik, eta, nola ez, ELAk jarri ditu dagozkien demandak.

ELAk bi enpresen jardunbide txarrak salatu nahi ditu, arrazoi hauengatik:

Lehenik eta behin, Bregamendik langileen legez kanpoko lagapen bat MAGNAri egin izanaren susmo handia. Kasu honetan, Bregamendik pantaila-enpresarena egiten du, MAGNAk eskulan merkea izan dezan. Bregamendik kontratatzen ditu langileak, baina bezero bakarra MAGNA da, eta langileekiko aginduak bertatik datoz zuzenean.

Bigarrenik, langileen osasuna bermatzea MAGNAren erantzukizuna ere izan beharko litzateke, enpresa nagusia baita. Hala ere, enpresan gertatutako azken istripuak segurtasun-neurri eza islatzen du. Istripu hori aurtengo irailaren 2an gertatu zen, eta, horren ondorioz, langile bat oso larri dago. Langilea 5 tonel inguruko pisua zuen haizagailu bat garbitzera zihoala gertatu zen. Errotorearen hegaletako batek jo eta 6 metroko altueratik erori zen. ELAk salaketa jarri du ISPLN eta Lan Ikuskaritzan, istripua saihets zitekeela sinetsita.

Aipatutako istripuaz gain, 2021eko urriaren 5ean kaleratutako beste bi langileek ere baja-egoerak izan zituzten laneko istripuengatik kaleratu aurreko urtean; izan ere, horietako bat bajan zegoen kaleratu zutenean.

Horregatik, ELAtik arreta jarri nahi dugu langileek Bregamendin eta MAGNAko gainontzeko azpikontratetan jasaten dituzten lan-baldintza eskasetan. Faktore desberdinen ekuazioak; langileen legez kanpoko lagapenak, lan-istripuek, kaleratze arbitrarioek eta abarrek eragiten dute langile horiek jasaten ari diren lan-prekarizazioa. Horregatik guztiagatik, ELAk “Magnesitas de Navarra”-ri eskatu dio bere plantillan sar ditzala zuzenean legez kanpoko lagapena eskatu zuten bi langileak, eta, gainera, segurtasun-neurri egokiak bete ditzala irailean ikusi genuen bezalako istripuak berriro gerta ez daitezen.