Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Prebentzio Zerbitzuak ez du legea betetzen

2018/12/18
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduaren Prebentzio Zerbitzuak lantokira joatera behartzen ditu haurdunaldian arrisku-egoeran dauden langileak, nahiz eta legez egokitu egin behar liekeen lanpostua edo haren egoerarekin bateragarria den beste postu bat eman.

Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/95 legeak esaten du, amatasuna babesteari buruz ari dela, langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan daudenean edo haurdunaldian nolabaiteko eragina jasan dezakeenean, enplegatzaileak beharrezko diren neurriak hartu behar dituela arrisku horren eragina saihesteko, eta lanpostuaren baldintzak egokitzera jo behar duela. Hori ezinezkoa denean, haren egoerarekin bateragarria den beste lanpostu bat eskaini beharko zaio, eta hori ere ezinezkoa balitz, kontratua eteteko aukera egongo da haurdunaldiko arriskua dela eta.

Hori horrela izanik ere, Hezkuntza Departamenduko Prebentzio Zerbitzuaren jardunbideak ez du betetzen Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak esaten duena. Onartua dago eskolak ematea arrisku bat izan daitekeela, baina, hala ere, langile haurduna behartu egiten dute lantokira joan dadin; salbuetsi egiten dute eskolak ematetik, baina ez dute egokitzen haren lanpostua eta ez diote ematen haren egoerarekin bateragarria den beste posturik. Eta azterketarik ere ez dute egin, jakiteko zein diren arriskurik gabeko beste aukera batzuk, nahiz eta egin beharrekoa den, legearen arabera.

Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek adierazten dutenez, ez dago modurik lanpostua egokitzeko eta postu bateragarririk ere ez dago, baina Prebentzio Zerbitzuak uko egiten dio kontratua eteteari haurdunaldiko arriskuaren eraginez, eta langileei gomendatzen die gaixo agiria har dezatela, ohiko gaixotasun bat edukiko balute bezala. Langile horiek, ordea, ez daude gaixo; haurdun daude eta, beraz, babes berezia jasotzeko egoeran, beren lanbideak arrisku bat dakarkielako.

Beraz, ELAk eskatzen du amatasunari eman beharreko babesari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduaren Prebentzio Zerbitzuak bete dezan Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea.