ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroan deitutako manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egin dute

2022/04/06
Deitoratu dute haien ekarpenei muzin egin izana, eta eskubideen urraketak betikotuko direla ohartarazi dute. Euskararen ofizialtasuna Nafarroako herrialde osora hedatzeko eskatu dute

Iruñeko Katakrak aretoan egin dute agerraldia Nafarroako ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkari Imanol Pascualek (ELA), Imanol Karrerak (LAB), Ixabel Artiedak (LAB), Maitane Urabaienek (STEILAS), Eider Larripak (STEILAS) eta Xabier Barberrek (ESK), eta Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko prestatzen ari den Merezimenduen Dekretua izan dute hizpide.

Kalera ateratzeko beharra

Dekretuaren inguruan hitz egin aurretik, lau sindikatuetako ordezkariek adierazi dute bat egiten dutela Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen mobilizazioarekin. Izan ere, sindikatuetako ordezkarien arabera herritarrak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak behar dira. Horrela, Gobernua prestatzen ari den dekretuak kontrako norantza hartu duela azaldu dute.

Horrexegatik, hain zuzen ere, herritarrei dei egin diete eskubideen alde mobilizatzeko. Gutxiespen gehiago ezin onar daitekeela lau haizeetara zabaldu behar delako, bai eta herritar guztiei eskubide berdinak bermatzen lagunduko dien dekretua behar dela ere.

Atzerapausoak eta gutxiespena

Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu dira Gobernuak aurkeztu duen zirriborro-proposamenarekin. Horrela, ELAko ordezkariak azaldu du euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan hartu behar dela kontuan. Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak. Horretaz gain, gogoratu du, Nafarroako eskuinak onartutako 2009ko Dekretua bera ere dekretu berriak baino onespen eskuzabalago batetik abiatzen zen eremu misto delakoan.

Horretaz gain, Imanol Pascual ELAko ordezkariaren arabera, dekretuak ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, Foru Komunitate osoa jardun-eremutzat duten eta 2017ko Dekretuak modu bereizian arautzen zituen zerbitzuak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera.

Euskal sindikatuen ekarpenak atzera bota

ELAk eta LABek azaldu dute, Dekretu-zirriborroari egindako ekarpenak hasieratik bota dituela atzera Gobernuak; ez, aldiz, gainerako sindikatuek planteatu dituzten neurri murriztaileagoak. Sindikatuen arabera, Gobernuak jarrera arras itxia erakutsi du Dekretuari hobekuntzak egin ahal izateko. Are gehiago, herritarren eskubideak bermatzeari begira inolako zuzenketarik onartu ez izana agerian utzi du atzean zer-nolako borondate eza dagoen berdintasunaren aldeko politikak garatzeko. Sindikatuen iritziz larria da oso ekarpenak sakonki aztertu gabe onartuko ez direla adierazi izana. Finean, Gobernuak hasieratik euskaldunak gutxiesteko borondatea zuela erakutsi du.

 

Ofizialtasunaren beharra

ELA, LAB, STEILAS eta ESKren aburuz dekretua atzerapausoa da hizkuntza-eskubideen garapenean. Euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, erkidego osoan hartu behar da kontuan. Sindikatuen arabera, dekretu honek, aurrekoek bezala, Euskararen Legeak inposatzen duen zonifikazioan du bere oinarria. Zonifikazioarekin bukatzea beharrezkoa da, artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu.

Horregatik maiatzaren 7an kalean elkartu beharra aldarrikatu dute; zonifikazioarekin bukatu eta nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat exigitzeko Nafarroako Gobernuari.

Maiatzaren 7ko manifestazioa Antoniutti parketik hasiko da arratsaldeko 17:30ean.