ELA Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusiarekin bilduko da sektore publikoko behin-behinekotasunarekin amaitzeko landu duen proposamenaren berri emateko

Gaur egun 15.000 langilek baino gehiagok egiten dute lan Nafarroako Administrazioan aldi baterako kontratuekin. Erabaki politikoek eragin dute egoera hori. Gobernuek eta administrazioek enplegu publikoan behin-behinekotasun politika ezartzea erabaki dute azken urteotan, eta murrizketek eta austeritate politikek arazoa areagotu besterik ez dute egin.
ELAk proposatu du enplegu publikoaren behin-behinekotasunarekin amaitzea modu ez traumatikoan, hau da, aldi baterako langileek beren lanpostuari eustea ahalbidetuko duten bermeekin. Sindikatuak denbora luzea darama gai horri garrantzia ematen Administrazioko sektore guztietan, eta Administrazioaren zerbitzura dauden langileekin hainbat bilera eta batzar egin ondoren, proposamen zehatz bat formalizatu da. Beharrezkoa da enplegu publikoa kontsolidatuko duen prozesu bermatzaileak gaitzea, aldi baterako langile publikoek enplegua bermatua eduki dezaten.
ELAren ustez, bai alderdi politikoek bai Nafarroako Gobernuak beharrezko lege-aldaketak egiteko konpromisoa hartu behar dute, kontsolidazio-prozesu bermatzaileak gaitzeko eta, horrela, Administrazioaren behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko.
ELAren proposamena helarazteko eta Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzeko, sindikatuak bilera bat hitzartu du Funtzio Publikoko zuzendari nagusiarekin, 2021eko apirilaren 13an.