ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuak UGT eta CCOO sustatzeko erregimenaren irizpide antidemokratikoak berreskuratu dituela salatzeko

2021/05/25
ELAk ehun ordezkari baino gehiago bildu ditu "Vuelta a los chiringuitos del Régimen. Demokraziari erasorik ez". Sanz eta Barcinaren garaiko praktika baztertzaile berberak alde batera uzteko eskatu dio ELAk Gobernuari.

 

ELA sindikatuko ehun ordezkari baino gehiagok elkarretaratzea egin dute "Vuelta a los chiringuitos del Régimen. Demokraziari erasorik ez". Elkarretaratzearen helburua Nafarroako Gobernuak Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren garaiko irizpide antidemokratikoa berreskuratu duela salatzea izan da, UGT eta CCOO (Kontratazio Publikoaren Batzordea, Kirol profesionalari buruzko Legea, automobilgintzaren mahaia...) sustatzeko.

Gogoratuko dugunez, denbora luzez, elkarrizketa soziala delakoa baliagarria izan da UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko diru publikoarekin. Horretarako, UPN eta PSNko gobernuek hainbat mahai eta foroz betetako egitura opakua finkatu zuten: hainbat hitzarmenen bidez, diru publikoarekin UGT eta CCOOko 120 pertsona baino gehiagoren soldata ordaintzera iritsi ziren, argi, berogailu... gastuak ordaintzeaz gain. Kontuen txostenek eta ELAren presioak aurreko legegintzaldian hitzarmen horiek ezabatzen lagundu zuten.

Nafarroako Gobernuak demokraziaren aurkako jarrera alda dezan, gaurko elkarretaratzeaz gain, ELA sindikatuak bilera bat eskatuko die Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdi guztiei. Hain zuzen ere, Elma Sainz (PSN) Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Kontratazio Batzordearen eskumena duena, Jose Mari Aierdi (Geroa Bai) Gobernuko presidenteordea eta Eduardo Santos (Podemos) Politika Migratorioen eta Justiziaren kontseilaria.