ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek, ATPTN interinoen elkartearekin batera elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Jauregia parean

2021/11/30
Administrazioan behin-behineko diren milaka langileren kontsolidazioa exigitu dute.

Agintari politikoen erabakien ondorioz, gaur egun Nafarroako hamar langile publikoetatik bost behin-behinekoak dira. Honen atzean sektore publikoa pribatizatzeko asmo argia dagoela salatu dute antolatzaileek.

Une erabakigarrian gaudela azpimarratu dute elkarretaratzean, milaka langile publikoren lanpostuei eragiten dien legea onartze bidean dagoelako. Aste honetan bertan Icetaren legea Kongresura eramango da. Sindikatu eta eragileen eskaera garbia da: alde batetik hemen erabaki ahal izatea zein zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun eta, bestetik, zerbitzu publiko horiek aurrera ateratzen dituzten langileak eta beraien lan baldintzak mantentzea. Horretarako, Madrilek inposatutako erreposizio tasak ezin dira onartu eta lanpostuak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak abian jarri behar dira.

 Hori horrela izan dadin, erakundeek eta alderdi politikoek dute azken hitza. Horregatik, antolatzaileek Nafar Gobernua interpelatu nahi izan dute, baita Madrilen legea baldintzatu dezaketen alderdi guztiak ere.