ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek Nafarroako administrazioan dagoen behin-behinekotasunarekin amaitzeko exigitu diote Nafar Gobernuari

Enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da Nafarroako administrazioetan. Enpleguaren suntsitzea, ezegonkortasuna eta enplegu publikoa sortzeko borondate eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan. Zerbitzu publikoak modu kontzientean ahultzen ari dira urteetan zehar gobernuak. Hala, zenbagaitzak dira pribatizatuak izan diren zerbitzu publikoak.
Administrazio guztietan dauden behin-behinekotasun mailak onartezinak dira. Egoera hau gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakien ondorio da. TJUE-ren epaiek argi eta garbi adierazten dute zerbitzu publikoetan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabili dela, eta aldi baterako pertsonen eskubideak sistematikoki urratu direla. Urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten pertsona horiek ezin dute lanpostua galdu.
Salbuespenezko egoera honen aurrean, salbuespenezko neurriak behar direla adierazi dute sindikatuek Nafarroako Jauregi parean. Horregatik, Nafarroako administrazio guztiek, kontsolidazio prozesuak aurrera eramateko beharrezko diren arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak ematea exigitu dute gaurko elkarretaratzean. Prozesu horiek administrazio guztietan martxan jartzea, nahitaez bete beharrekoak izatea eta sindikatuen ordezkariekin negoziatutakoak izatea eskatu dute sindikatuek. Honez gain, pribatizazio eta behin behinekotasunarekin amaitzeko mekanismoak arautzea beharrezkoa dela salatu dute.
Azkenik, abian dauden enplegu publikoaren eskaintza prozesuetan, kolektibo bakoitzaren araberako ezohiko neurriak hartzea eskatu dute ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek, beti ere negoziazio kolektiboaren bitartez erabakitako neurriak.