ELAk epaitegian 125.000 euro eskatu dizkio Sephorari 2020ko greban askatasun sindikala urratzeagatik

2022/03/09
ELAk epaitegietara jo du Sephorak (Iruñea) 2020an bere lan-baldintzak hobetzeko greba egin zuten langileen oinarrizko eskubideen aurka egiteagatik. Greba horretan sindikatuko hainbat afiliatu zigortu eta kaleratu zituzten. ELAk 125.000 euroko kalte-ordaina eskatu du.

2020ko otsailean, Iruñeko dendetako Sephora enpresako langileek greba hasi zuten beren lan-baldintzak hobetzeko. Sindikatuak gogorarazi du, etekin handiak dituen enpresa izan arren, lan-baldintza prekarioak aplikatzen dituela. “1.000 euroko kremak saltzen ditugu eta 900 euro irabazten ditugu”, kexu dira langileak.

Greba horretan zehar enpresak izan zuen jarrera negoziazioaren aurkakoa izan zen eta grebalarien aurka oso oldarkorra, ELAko bi ordezkariak zigortu eta kaleratzeraino, jarduera sindikalaren garapena eragotziz eta grebarako oinarrizko eskubidea urratuz. Gauzak horrela, ELAk enpresari salaketa jarri dio eta 125.000 euroko kalte-ordaina eskatu du. Atzo, martxoak 8, ELAren askatasun sindikala urratzeko epaiketa egin zen Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegian.

Halaber, sindikatuak gogorarazi du 2020an greba egin zuten guztiak emakumeak zirela. "Emakume horien lan-baldintzak eta, beraz, bizi-baldintzak hobetzeko greba izan zen. Greba feminista izan zen, eta borroka hori epaitegian ematen ari da oraindik", azpimarratu du ELAk, eta enpresen gehiegikeriak onartuko ez dituela ziurtatu du.