ELAk bi greba-egun deitu ditu Icer Rail-en lan-egoera salatzeko

2019/03/07
Lanuzteak martxoaren 11an eta 12an izango dira, eta martxoaren 11an elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Udal Plazan. Orain arte egindako lanuzteen jarraipena %68koa izan, UGTren kontrako jarrera izan arren. Zuzendaritzak lan-baldintzen aldaketa nabarmen bat ezarri du, adostasunik gabe.

Enpresako zuzendaritzak eta UGT sindikatuak hartu dituzten azken erabakiak direla-eta, Icer Rail-eko lan-egoerak okerragora jo du, eta langileek lanuzteak egiten ari dira. Orain arte hiru greba egun egin dituzte eta lanuzte horien jarraipena %68koa izan da, UGTren kontrako jarrera izan arren. Orain beste bi lanuzte gehiago egingo dituzte martxoaren 11an eta 12an.

Orain dela hilabete bete UGTk oso akordio gibelatzailea sinatu zuen Icer Rail-en. Hauteskunde sindikalak 2018ko abenduaren 21ean izan zirenez, akordioaren negoziazioak lehengo batzordeak egin zituen. Azpimarratu beharrekoa da lehengo batzordeko UGTko ordezkariek ez zutela onartu enpresaren proposamena lan-baldintzak beheratzeko.

Zehazkiago errateko, UGTk eta ICERko Zuzendaritzak sinaturiko akordioan hurrengo puntu kaltegarri hauek sartu dira, hiru urtera begira hilean 60 euroko soldata-igoeraren truke:

  • Izozketak aparteko orduen prezioan, gaueko plusean eta bosgarren txandako plusean.

  • Arriskugarritasunaren kontzeptua kendu kontratazio berrientzat.

  • Plantillako zati batek lehengo akordio batean negoziatuak zituen baldintzak kendu.

    Kimika Hitzarmenean malgutasunari buruz ezarritakoa okerragotu. Malgutasuna areagotu da, 100 ordutik 172 ordura, eta ordubete orduko itzuliko da bi urteko epean, diru-konpentsaziorik gabe, eta eguneko lanaldia 10 ordura arte luzatzeko aukera emanez.

Gainera, bosgarren txanda ezartzeko Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen baten kontsulta-aldiaren barnean erabaki zuen UGTk akordioa sinatzea. Azkenean enpresak ez zuen kontuan hartu batzordearen proposamenetariko bat ere, eta Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen hori adostasunik gabe aplikatzen ari da.

Orobat, ELAk langile baten kaleratzea ere salatzen du.

Horiek horrela, eta enpresak Lan-baldintzen Aldaketa Nabarmen bat adostasunik gabe ezarri duenez, ELAk grebara deitu du martxoaren 11an eta 12an, eta martxoaren 11an elkarretaratzea egingo du Iruñeko Udal Plazan.