ELAk 88 pertsona kaleratu nahi dituen enplegu-erregulazioko espedientea berehala kentzeko eskatu dio MTorresi

2021/02/11
MTorresek enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioak langileen hasierako eskaerei jaramonik egin gabe eta ELA bertaratzea eragotziz hasi ditu

Gaur, osteguna hilak 11, MTorresek iragarritako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia hasten duen lehen bilera egin da. Bilera horren bidez, 88 pertsona kaleratu nahi dituzte Torres de Elorzeko lantegitik eta 74 Murtziakotik.

ELAren ustez, hasiera txarra da joan den astean espedientea aurkeztuko zuela iragarri zuenean sindikatuak egin zituen lehen eskaerei enpresak jaramonik egin ez izana: enplegu-erregulazioko espedientea berehala kentzea, eta Torres de Elorzeko langileen baldintzak soilik bertako ordezkaritza sindikalarekin negoziatzeko beharra. MTorresek erantzun ez izanak agerian uzten du enpresak negoziatzeko jarrera falta duela, eta, oraingoz, kaleratzeak gauzatu aurreko lege-aginduak betetzera mugatu dela. Horrez gain, berariaz eskatu arren, enpresak uko egin dio ELAko ordezkariak bilerara bertaratzeari.

Bileran, enpresak datozen egunetan aztertuko diren hainbat agiri aurkeztu ditu. Hala ere, ELArentzat onartezina da azken urteetan milioi askoko irabaziak izan dituen enpresa batek krisi koiuntural bati aurre egiteko neurri bakar gisa ERTE bat eta enplegu-suntsiketa bat planteatzea, enpresaren bideragarritasuna eta enplegu osoaren bermea bermatuko duten formula eta proiektu ekonomikoen alde egin beharrean.

ELAk datozen egunetan batzarrak, mobilizazioak eta ekintzak egingo ditu MTorresek iragarritako enplegu suntsiketa saihesteko.

Era berean, ELAk Nafarroako Gobernuari enpleguaren alde beharrezkoa den guztia egin dezala eskatzen dio. MTorres bezalako enpresek duten garrantzia kontuan hartu behar da gainera, bertan sortutakoa delako eta I+d+i teknologian eta garapenean aritzen delako.