ELAk bederatzi neurri zehatz proposatu ditu emakume nafarren kaltetan doan %28,41 soldata-arrakala gutxitzeko

2018/02/21
ELAk Nafarroako Gobernua premiatu du genero-desberdintasunari modu serioan aurka egitera, Kontratu Publikoen hurrengo legean. Otsailaren 22an Soltata Berdintasunaren Nazioarteko Eguna izango da. Gaur egun, gizonen eta emakumeen artean dagoen soldata-arrakalari buruzko datuak oso larriak dira. Nafarroan, adibidez, emakumeek batez beste, 8.164 euro gutxiago irabazten dute urtean, gizonezkoek baino. Generoaren araberako soldata-arrakala %28,41ekoa da (INEren 2015eko datuak).

Zer dago soldata arrakalaren gibelean?

1.- Sexuen araberako lanen banaketa eta bereizketa bertikala

Lan ezberdinak eta enplegua sexuaren arabera banatzen dira. Alde batetik, bizitzaren iraupenerako ezinbertzekoak diren zaintza-lanak emakumeek egiten dituzte batez ere, eta lan horiei ez zaie inolako balio sozial eta ekonomikorik aitortzen.

Bertzetik, enplegua ere sexuaren arabera banatzen da eta emakumeen enpleguei balio gutxiago ematen zaie, kasu anitzetan esparru pribatuan egiten diren zaintza-lanen luzapen natural bat bezala ikusten direlakotz.

Soldata-sistemak ere desberdintasun-egoera horretan oinarritzen dira sarritan. Adibidez, gizonezkoei loturiko ahalmenak ordaintzen dituzten kategoriak edo plusak altuagoak izan ohi dira emakumeenak baino. Kategoria edo organigramaren posturik gorenetan gizonezkoak dira nagusi enpresa gehienetan, bai esparru pribatuan, baita publikoan ere.

2.- Zaintza-lanak eta enplegua uztartu beharrak emakumeak zigortzen ditu

Emakumeak dira nagusiki seme-alaben edo mendekotasuna duten bertze senideen zaintzaz arduratzen direnak. Amatasun baimenak, eszedentziak, lanaldi murrizketak… beraiek hartzen dituzte gehienetan.

Kontratu partzialak dituzten langile gehienak ere emakumeak dira, kontratu hauek enplegua eta etxeko eta zaintza-lanak uztargarri egiteko tresna gisa erabili ohi direlakotz. Sistema bera da tresna horretaz baliatzen dena, emakume gehienentzat kontratu partzialak ez baitira borondatezko aukera izaten.

Horrek guztiak ondorio zuzen bat dauka: emakumeek soldata baxuagoak jasotzen dituzte, aldi batzuetan lan merkatu formaletik kanpo egotea edo lanaldi osoan ez egotea zigortu egiten baita.

3.- Emakumeen prekarietateak soldata-arrakala sakontzen du

Aipaturiko faktore guztien ondorioz, batik bat emakumeak dira prekarietatea jasaten dutenak (aldi baterako kontratuak, lanaldi partziala…). Zenbat eta prekarietate handiagoa jasan, orduan eta sakonagoa soldata arrakala.

Azken urteetan egin diren lan erreformek, gainera, okertu egin dituzte langile guztien lan baldintzak, bereziki emakumeenak.

Soldata-arrakala areagotzen duten prekarietatearen bi adibide garbi aipatu nahiko genituzke jarraian:

a) Zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa: balio berbera eta, ondorioz, soldata berdina izan beharko luketen lan anitz pribatizatu edo azpikontratatu egiten dira. Sektore horietako anitzetan emakumeak dira nagusi (erresidentziak, garbikuntza, eskoletako jantokiak…). Kasu anitzetan, beraz, administrazioa bera da horrelako egoeren erantzule nagusia.

b) Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa: Estatu mailako hitzarmenek soldata baxuagoak jasotzen dituzte eta emakumeak nagusi diren sektore anitzetan aplikatzen ari dira (telemarketina, saltoki handiak…). Hor ere nafar administrazioen erantzukizuna azpimarratu beharra daukagu, sarritan lizitazioetako prezioak jaitsi eta hitzarmen estatalak ezartzea bultzatzen dutelakotz.

Edonola ere, nafar administrazioek badute nondik hasi, zeren soldata-arrakala Nafarroako Gobernuan bertan baitago. ELAk Legegintza Herri Ekimen bat (LHE) sustatu zuen 2014an, kontratazio-orrietan klausula sozialak sartzeko. LHE hark 14.635 sinaduraren sostengua lortu zuen, eta parlamentuan izapidetu ondoren, Kontratu Publikoen Legea aldatu zen (6/2006 Foru Legea), gaur egun indarrean dirauena.

ELAk legealdi honen hasieratik deitu dio behin eta berriz Nafarroako Gobernuari Kontratu Publikoen Legearen proiektu bat egiteko, LHEari esker lorturiko aitzinamenduak finkatzeko, eta hobekuntzak sartzeko ─batez ere, subrogazio-eskubidea kontratazio publikoaren mota guztietara hedatzeko, eta ez soilik zerbitzu-emakidaren kasuetara─. Hala ere, Gobernuak onetsitako testuan ez da sartu plantillaren subrogazioa kontratazio-mota guztietan, ezta ELAk proposaturiko bertze klausula sozialak ere. Horregatik, babesik gabe jarraitzen dute lorategietan, anbulantzietan, garbikuntzan, kirol-kudeaketan, haurreskoletan, sektore soziosanitarioan (eskuhartze soziala...) eta abarretan lan egiten dutenek. Agerikoa denez, emakumeak dira egoera horregatik kaltetuen daudenak; baina egoera onbideratzeko aukera badago oraindik, baldin eta Nafarroako Parlamentuak aipaturiko proposamenak sartzen baditu heldu den legean.

Bertzalde, nafar administrazioek bultzaturiko kontratak Gobernuak gainbegiratuko ditu? Azpikontratak esleitzeko prozesuetan soldata duinak bermatuko dira? Nafarroako Gobernuak soldata-arrakala zuzentzeko neurriak bere plantillan bertan aplikatuko al ditu?

ELAren proposamenak: 9 neurri soldata-arrakalaren aurka

Gizon eta emakumeen arteko soldata-desberdintasuna arazo politiko larria da. Oinarrian sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren antolakuntza bera eta lanen banaketa bidegabea daude. Ezinbertzekoa da, beraz, oinarrian dauden arazoei heltzeko urratsak egitea.

1.- Etxeko eta zaintza-lanen banaketa parekidea gizon eta emakumeen artean.

2.- Zaintza-lanei dagokien balio sozial eta ekonomikoa aitortzea.

3.- Kalitatezko enpleguaren aldeko politika publikoak sustatzea, emakumeek jasaten dituzten prekarietate egoerei buru egiteko.

4.- Administrazioek pribatizatutako zerbitzuetan edo bultzatutako azpikontratetan soldata baxuagorik ez onartzea.

5.- Zaintzarako zerbitzu publiko doakoak eta unibertsalak garatzea.

6.- Aitatasun eta amatasun baimenak berdinak izatea, pertsonalak eta transferiezinak.

7.- 250 langiletik gorako enpresetan egiazko berdintasun-planak exijitzea, eta legea betetzen ez duten enpresak zigortzea.

8.- Kontziliazio-neurriak ez izatea soldataren kontura edo karrera egiteko aukeraren kontura.

9.- Soldata-igoera handiagoak feminizatutako sektoreetan egitea, balio berbera duten lanak berdin ordaindu daitezen.

ELA prest dago bere proposamenak Nafarroako Gobernuarekin partekatzeko, baldin eta arazoaren nondik-norakoa egokiro neurtzen bada, proposamenak negoziazio kolektiboko mahaietara eramaten badira, eta soldata-arrakala berdintzeko neurriak negoziatu eta zehazten badira.

Soldata-arrakalari aurka egiteko bidea ere emakumeen antolakuntza eta borroka da

Emakumeon antolakuntza eta borroka ezinbertzekoak dira lan- eta bizi-baldintza duinen alde egin eta soldata-arrakala gainditzeko.

Bidea egunero borrokan ari diren emakumeek erakusten digute. Iruñako Erruki Etxeko emakumeak eredu paregabea izan ziren.

Era berean, soldata-arrakala bertze arrazoi bat gehiago da martxoaren 8an emakumeok sistemari planto egiteko!