ELAk austeritate politikak onartzen dituen eta erreforma fiskal sakon bat egiteari uko egiteak baldintzatuta dagoen Nafarroako aurrekontuak dauzkan mugez ohartarazi du
EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak atzo iragarri zuten Nafarroako 2020rako Aurrekontuari buruzko akordioa ondorengoak mugatuta dago:
- Austeritate politikaren onarpena. 2020ko Aurrekontua gastu-arauak eta 2017ko uztailean Nafarroako Gobernuak 2018-2020 aldirako Estatuarekin adostu zituen defizitaren eta zor publikoaren helburuek baldintzatzen dute. Honek, praktikan, Nafarroak zorra ordaintzea lehenetsiko duela gizarte-premien gainetik suposatzen du, eta horrek finantza-erakundeei baino ez die mesede egiten.
- Sakoneko erreforma fiskal bati uko egitea. Abenduan EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak lortutako akordio fiskalak eta Parlamentuan onartutako erreformek zerga-sistema injustua hareagotu dute. Lan errentei bilketaren pisua kargatzen dien eta enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten duten zerga-sistema hain zuzen.
Propagandatik haratago, ELAk zehatz aztertuko du Aurrekontuaren edukia, bereziki zor publikoari, gastu sozialari eta elkarrizketa sozialari dagozkion gaiak, besteak beste.
Azkenik, ELAk 2020ko Nafarroako Aurrekontuak urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren aldarrikapenak jaso ditzala eskatzen du, hala nola pentsio guztiak 1.080 euroraino osatzea, sektore publikoan prekarietatearekin amaitzea 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldia eta Administrazioak azpikontratatutako enpresetan subrogazioa ezarriz, Errenta Bermatuaren oinarria lanbide arteko gutxieneko soldataren %100ean finkatzea edo etxebizitza eskubidea bermatzea.