ELAk azpikontratazioaren aurkako neurri publikoak exijitzen ditu, Korellan gertaturiko istripu hilgarriak errepika ez daitezen
ELAk azpikontratazioaren aurkako neurri publikoak exijitzen ditu, ahalik eta epe laburrenean, zabaltzen ari den azpikontratazioari muga jartzeko asmoarekin. Azpikontratazioak prekarietatea eta lan-arrisku handiagoa besterik ez dakar, soldaten kosteak aurreztearen truke. Lan egoera horretan zeuden uztailaren 27an, pasa den ostiralean, Korellan hil ziren bi langile: 35 urteko eta Ablitasen bizi zen R.C.G, eta 54 urteko eta Murchanten bizi zen L.G.F. Biak hil ziren Nafarroako Gobernuaren enpresa publiko batentzako lanak egiten (Nilsa), nahiz eta euren lan kontratuak Socamex eta Lacunza Construcciones enpresenak izan. Bestetik, ELAk bere doluminak luzatzen dizkie bi hildakoen lagun eta senideei.
Istripu larri eta hilgarrien estatistiketan oso garbi ikusten den bezala, ELAk azpikontratazioa eta lan istripuen arteko harreman zuzena salatzen du. Aurten, zortzi langile hil dira Nafarroan; gauzak horrela, Administrazio Publikoek hartu behar dituzten neurriak oso premiazkoak dira. Horregatik, ELAk, beste sindikatu batzuekin batera, elkarretaratzeko deia luzatzen du, asteazken honetan, abuztuaren 1ean, goizeko 11.30etan Korellako Udalaren aurrean.