Trafikoaren eskumena hartzearekin batera bertzelako poliziak hein berean erretiratu beharko lirateke Nafarroatik

2018/11/08
Foruzaingoak bere plantilla ugaldu behar du EPE baten bidez, baina inolaz ere Goardia Zibila bezalako izaera militarreko kidegoei lehentasunik eman gabe.

Foru Gobernuak iragarri du laster batean trafikoaren eskumena Estatutik Nafarroara eskualdatuko dela. Hala ere, egindako adierazpenez gain ez da itxi oraindik behin betiko akordioa. Oroitu beharrekoa da Foru Hobekuntzaren Legeak (Lorafna) Nafarroari aitortzen diola trafiko-eskumena, baina frankismoaren garaian Estatuak bereganatu zuen, eta gero beti egon da eztabaidan, eta inoiz ez zaio osoki eskualdatu Nafarroari. Tamalez, oraingo eskualdatzea ez da izanen Nafarroaren eta Estatuaren aldebikotasunezko harremanaren ondoriozkoa, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondoriozkoa izan da, 2018ko martxoan eskumen hori Nafarroari zegokiola ezarri baitzuen.

ELAren betiko eskakizuna izan da trafikoaren eskumena Foruzaingoaren ardurapean jartzea. Baina eskumen hori bere gain hartzeko, Foruzaingoaren plantilla handitu beharko da; eta horrekin batera bertzelako polizien kideak gutxiagotu. Horren kariaz beharrezkoa da EPE baterako deialdia egitea, baina lehentasunik eman gabe Goardia Zibila bezalako izaera militarreko kideei.

Foruzaingoak trafiko-eskumena hartzea lehen urratsa izan behar da kidego horren osoko garapenaren bidean. Eta garapen horren barnean polizia-ereduaren eztabaidari heldu behar zaio. Alde horretatik ELAk helburu duen poliziaren ezaugarriak honelakoak dira: profesionala, zibila, genero-ikuspegikoa, eta herritarren hizkuntza-eskubideekiko adeitsua.