ELAk beharrezkoa ikusten du kontsolidazio prozesuak egitea administrazioko behin behinekotasuna murrizteko

2021/05/14
Gaurko Mahai Orokorrak erakutsi du tenporalitateari aurre egiteko Nafar Gobernuak ez daukala proposamen zehatzik

ELA aspalditik ari da zentralitatea ematen enplegu publikoaren kontsolidatzeari. Azken hilabeteotan, behin-behinekotasuna murrizteko gure diagnostikoa eta proposamena partekatu ditugu, bai Funtzio Publikoarekin, bai gainerako sindikatuekin.


Hala ere, gaurko Mahai Orokorrean ez da Funtzio Publikotik proposamenik egin. Sindikatuan badakigu zein neketsua den behin-behinekotasunari irtenbidea ematea, baina iruditzen zaigu denboran gehiago luzatu ezin den egoera batera iritsi garela.


15.000 langile publikok baino gehiagok aldi baterako kontratuak dituzte, eta behin-behinekotasun hori ez dago inola ere justifikatuta. ELAren ustez, behin-behinekotasun tasa murriztu behar dugu, baina aldi baterako kontratatuak dauden milaka pertsonen egoera prekarioa ere kontuan hartu behar dugu.



Ondorioz, ezohiko egoera horren aurrean, uste dugu aparteko irtenbide bat eman behar dela administrazioaren behin-behinekotasuna nabarmen murrizteko. Kontsolidazio prozesuak aurrera eraman behar dira, eta prozesu horietan esperientzia baloratu beharko da. Horrela bakarrik lortuko dugu gaur egun Administrazioan lanean dauden milaka pertsonek euren lana mantentzea.