ELAk behin-behineko irakasle bat mugagabe ez-finko gisa aitortzen duen epaia lortu du

2022/04/01
Sententziari esker, Goi Mailako Musika Kontserbatorioan irakasle den langileak behin-behineko izateari utzi dio.

Iruñeko lan-arloko 3. epaitegiak arrazoia eman dio ELAk aurkeztutako salaketan eskatutakoari. Sententziak dio, “administrazio demandatuarekin lotzen duen kontratazio administratiboak lan-harreman mugagabe ez-finkoa estaltzen duela”, “administrazio-kontratazioan iruzur egiteagatik” (...) “jarduera bera eta lantoki berean egiten ari delako” (...) eta “auzi-jartzailea egiturazko lanpostu bat betetzen ari delako”.

Epaiaren sententziak adierazten duenez, “2014ko irailaren 1etik aurrera auzi-jartzailea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin lotzen duen harremana mugagabe ez-finkoa da, eta, ondorioz, administrazioa kondenatu egiten du”.

ELA sindikatutik argi utzi nahi dugu langileen lan-eskubideak azken muturreraino defendatzeko egiten dugun apustua, etengabe aurrera eramaten ditugun aldarrikapenez eta protestez gain, beharrezkoa denean, errespetatzen ez diren eskubide horien defentsan geure zerbitzu juridikoak ere lanean jarriz.

Hala ere, behin-behinekotasunarekin amaitzekoa ardura duena Nafar Gobernua da, hain zuzen behin-behinekotasun tasa lotsagarri hau sortu duen Gobernua. Norbanakoaren gain ezin da geratu arazo estruktural bati aurre egin behar izatea, hots, ez da bidezkoa iruzurrean lanean ari den langile bakoitzak prozesu judizial bat aurrera eraman behar izatea.

ELAk proposamen zehatz bat aurkeztu izan dio sarritan Nafar Gobernuko Funtzio Publikoari, baita Hezkuntza Departamentua edo Osasunbideari ere. Borondate politiko kontua da behin-behinekotasunarekin amaitzea.

Bitartean, ELAk jarraituko du tresna guztien bitartez langileen eskubideak defendatzen.