Nafarroako Gobernuak Benito Menniren greban ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditu ELAk

2022/10/24
Benito Menniko langileek hilabeteak daramatzate gatazkan, enpresa-hitzarmena berritzeko negoziazioa aldarrikatzen. Horregatik, Nafarroako hitzarmenaren alde urriaren 24,25 eta 26rako deitutako hiru eguneko grebaren deialdiaren aurrean, Benito Menniren langileen batzarrak aho batez erabaki zuen grebaren hiru egunak babestea.

Bilera hasi baino lehen, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak plazaratu zituen dekretu baten bidez. Dekretu horrek langile gehienei lan egitera behartzen die, grebarako oinarrizko eskubidea urratuz. Zuzeneko arretan, adibidez, Benito Menniren plantillaren erdia baino gehiago okupatzen duen sektorean, greba-egunetan lanera joan behar duten langileen ehunekoa % 100 da.

ELAk gutxieneko zerbitzu horiek salatuko ditu, grebarako eskubidea bezalako oinarrizko eskubide bat argi eta garbi urratzen dutelako. Lotsagarria da  gobernu batek langileei greba egitea galaraztea, Nafarroako gizarteari eskaintzen dion zerbitzua egunero onar daitekeen gutxienekoa dela onartuz.