ELAk bere ikuspuntua berriz azaltzen du, Nafarroako Polizien Legearen inguruan

2017/07/21
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak atzo egindako adierazpenetan nabarmentzen zuen Nafarroako polizien sindikatu gehienek ez dutela negoziazio-mahaian eseri nahi izan, eta ez diotela proposamenik aurkeztu gobernuari. Horren aitzinean ELAtik zera erantzun beharrez gaude:
  • Nafarroako polizietako gehiengo sindikalak, Nafarroako Polizien Legea negoziatzeko bete behar diren baldintzak edo proposamenak, aldez eta moldez jakinarazi dizkio kontseilariari:
    • Legebiltzarrari aurkezturiko proiektua erretiratzea, langileen eskubideen aurkako zuzeneko erasoa baita.
    • Negoziazio-mahai bat eratzea hurrengo xede hauekin: 15/2015 Legea aldatzea, Nafarroako polizia-eredua argiro zehaztea, eta Nafarroako polizia-multzora bideratu beharreko diru-ekarpena berraztertzea.
  • Halaber, arazoa konpontze aldera, eta negoziazio-mahaian esertzeko, jakinarazi genion gobernuari langileen ordezkaritzarekin sinaturiko itunak eta akordioak errespetatu behar direla, bai Foruzaingoaren baitan, bai Mahai Orokorraren baitan. Funtzionarioen lan-bizitzaren eta norberarenarena kontziliatzea errespetatu behar da, eta baita Nafarroako Administrazio Publikoetako Pertsonalaren Estatutuaren aplikazioa eta horren garapen-arauak ere. Orobat, bi negoziazio-mahai paralelo ezarri behar zituela jakinarazi genion, zeren Nafarroako Polizien Legearen eragina autonomia- eta toki-administrazioetako funtzionarioenganaino hedatzen baita.

Kontseilariak, horren erantzunez, negoziazio-mahai bat sortu du, Nafarroako Polizietako gehiengo sindikalak helarazitako eskariak kontuan hartu gabe. Mahai horretara Nafarroako polizietan gutxiengo den ordezkaritza sindikala joan da, eta han gobernuak aurkeztu duen proposamenak Nafarroako polizietako lan-baldintzak aldatzea ekarri du. Langileen kaltetan joateaz gain, ez du konponduko, gure ustez, gaurko arazo nagusia, pertsonalaren eskasia. Hori konpondu ahal izateko, beharrezkoa da promozio berriak arian-arian sartzea.

Konponbidea ez da, ezta gutxiagorik ere, negoziazio-mahaian proposaturikoa. Hor proposatu direnak, besteak beste, puntu hauek izan dira: malgutasun handiagoa, atalen arteko mugikortasun funtzionala, 20 urtez baino gehiagoz indarrean egondako Administrazioaren eta langileen arteko akordioak alde bakarretik indargabetzea, burutza-osagarria nabarmen eta justifikaziorik gabe zabaltzea, maila bereko postuen arteko aldeak handiagotzea, A, B eta C mailen arteko proportzioa ez errespetatzea, betekizunak betetzen ez dituzten langileei txanda-lanaren osagarria ordaintzea, eta zigor-erregimena gogortzea, horretarako arrazoirik izan gabe.

Kontseilariak ongi baino hobeki daki non gauden, zein diren gure proposamenak, eta negoziatzeko eta akordioak egiteko borondatea badugula; beraz, badaki topagunea non dagoen.