ELAk bere proposamena aurkeztu dio Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari konpontzeko zain dauden laneko gaiak bideratzeko
ELA-TCC Atal Sindikalak legealdia bukatu baino lehen lan-arazo batzuk konpontzea eskatu dio Mankomunitateko lehendakariari.
Besteak beste, honako hauek dira egindako eskaerak:
- Bidaldiak berraztertzea (Mankomunitateak zerbitzu bakoitza egiteko markatzen dituen denborak). Izan ere, gaur egungo linea batzuek denbora berberak izan dituzte azken 20 urteotan. Denbora horiek berraztertzeko beharra bistan da, trafikoan izandako aldaketak kontuan hartuz (ibilgailu-kopurua ugaldu da, zenbait karrikatan abiadura-mugak gutxitu dira...). Hori dela-eta, ELAk denborak premiaz berraztertzeko eskatu dio Mankomunitateari, atsedenaldiak arautzeko beharra bereziki azpimarratuz.
- Zenbait puntutan komun publikoak instalatzea, gidarien erabilerarako. Lan Ikuskaritzan salaketa bat baino gehiago jarri da, TCCko langileek komunera joateko zailtasunak dituztelako. Alde horretatik, Mankomunitateak hitzeman zuen arazo hori konpontzeko neurriak hartuko zituela, eta puntu egokietan komun publikoak instalatzeko obrei ekinen ziela. Hala ere, gaur arte ez da batere neurririk hartu.
Bertzalde, Mankomunitateak txosten tekniko bat aurkeztu du, eskualdeko hiri-garraioko gaueko zerbitzualdian eskatu ahalako geldialdiak egin ahal izateari buruz. ELA sistema hori ezartzearen alde agertu da. Baina, abian jarri ahal izateko, eskualde-garraioaren oraingo arauterian (TUC) aldaketak egin behar direla adierazi dugu, eta baita aseguru-etxeekin poliza berriak sinatu behar direla ere, geraleku ofizialetatik kanpo gerta litezkeen gorabeherak estalita gera daitezen.