LAN HERIOTZAK

ELAk berretsi du elkarrizketa sozialaren eraginkortasun eza

2025/02/21
Bi astean behin pertsona bat hiltzen da bere lanpostuan Nafarroan, eta hiru biktimatik bat eroriko edo harrapaketen ondorioz gertatzen dira, enpresek segurtasun neurriak ezarri izan balituzte saihestu ahal izango liratekeenak. Beharrezkoa da lan ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte indartzea.

ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren parean, azken lan heriotzak salatu eta laneko segurtasun eta osasuneko elkarrizketa sozialeko politiken amaiera eskatzeko. Urtez urte, politika horiek ez dira eraginkorrak izaten ari ezbehar tasaren hazkundea geldiarazteko.

Sindikatuak gogorarazi du Nafarroan aurten 4 pertsona hil direla euren lanpostuan. Urtarrilaren 10ean bi pertsona hil ziren N-240 errepidean, lanera zihoazela talka eginda. Urtarrilaren 30ean eraikuntzako langile bat hil zen Arbizun, karga batek harrapatuta, eta otsailaren 18an beste langile bat hil zen AP-15 autobidean, ibilgailu batek harrapatuta.

Biktimen hurbilekoei elkartasuna adierazi ondoren, ELAk gertatutakoaren arrazoiak eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko ikerketa sakonak egiteko eskatu du.

Era berean, ELAk ohartarazi du laneko heriotzak ez direla istripuak. Bi astean behin pertsona bat hiltzen da bere lanpostuan Nafarroan, eta hiru biktimatik bat erorikoen edo harrapatzeen ondorioz gertatzen da, enpresek segurtasun-neurriak ezarri izan balituzte sahiestu ahal izango liratekeenak.

ELAren arabera, datu ofizialek adierazten dute prebentzioa ez dela egiten edo paperean geratzen dela. Patronalak erabateko zigorgabetasunez absentismoaren diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, eta Nafarroako Gobernuak, konplizitate osoz, uko egiten dio ez-betetzeen kontrol eta zehapen neurriak hartzeari.

Aste honetan bertan, Gobernu honek enplegu-plan berri bat onartu du CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Plan horrek, hainbat milioi euro baino gehiago bideratuko ditu erakunde horiek laneko segurtasun eta osasunean egiten duten jarduera finantzatzera. ELAren iritziz, onartezina da.

Azkenik, ELAk berretsi egin elkarrizketa soziala ez dela eraginkorra laneko heriotzak murrizteko. Sindikatuarentzat beharrezkoa da lan-ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte indartzea, Europako batez besteko ratioarekin berdinduz, Nafarroako enpresa eta lantokietan lan-arriskuen prebentzioaren arloan gertatzen diren ez-betetzeak kontrolatzeko.