ELAk berri ontzat hartu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak Foruzaingoaren Lanaldi eta Lansarien Arautegia deuseztatu izana

2018/07/12
Sindikatuak 79/2016 Foru Dekretua indargabetzeko eskatu izan du onetsi zen une beretik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, bere ebazpenaz, jorraldi juridikoa eman dio Barne Departamentuari.

 

Lehenagoko legealdian ELAk, UGTk, CCOOek eta Afapnak 15/2015 Legea bultzatu zuten, eta EH Bilduren, PSNren, Aralarren eta Ezker Batuaren aldeko botoei esker eta Geroa Bairen abstentzioaz onetsi zen. Lege haren bidez UPNren polizia-eredua desegin ahal izan zen, zati batean bederen, eta soldata-masa modu bidezkoagoan banatu.

Hala ere, eta ulertezina izan arren, Barne Saila, EH-Bildu eta Geroa Bai Polizia Lege bat onesten ahalegindu ziren, alferrik baina; izan ere, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi zuen azkenean. Lege berriaren bultzatzaileek Foruzaingoaren eraginkortasun-arazoak argudiatzen zituzten, lege berriaren beharra aldezteko. Alde horretatik, ELAk aspalditik azaldu izan du eraginkortasun-arazo horiek ez direla 15/2015 Legea onestearen ondoriozkoak, haren ondorengo 79/2016 dekretuaren ondoriozkoak baizik. Dekretu hori oraingo legealdian onetsi da, eta horren bidez Foruzaingoaren Lanaldi eta Lansarien Arautegia ezarri da. Horregatik, ELAk berri ontzat hartu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak Lanaldi eta Lansarien Arautegia deuseztatu izana.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak horrela jorraldi juridikoa eman dio Barne Departamentuari. Horri gehitu behar zaio erakutsitako negoziatzeko gaitasunik eza, legealdiaren hasieratik etengabeko ezaugarria izan duena. Orobat, ELAk oroitarazi nahi ditu Departamentuak 2017ko azaroan harturiko neurriak, Foruzaingoari murrizketak eta pribatizazioak ekarri zizkiotenak (zenbait zerbitzu kendu, zenbait lantalde ezabatu, eta Belosoko komisarian foruzainen ordez segurtasun pribatuko zaintzaileak jarri).

Azkenik, ELAk berriz adierazten du erabat prest dagoela sektore-mahaian negoziazio bati ekiteko, Foruzaingoak eskumen gehiago beregain har ditzan. Horrekin batera bertze polizia-indar batzuen kopuruak gutxitu beharko ziren, eta horretarako behar-beharrezkoa izanen litzateke EPE-deialdiak egitea. ELAk apustu egiten du Foruzaingoaren osoko garapenaren alde, beti ere hurbiltasuneko polizia-eredu bati jarraikiz, non profesionaltasuna, izaera zibila, genero-ikuspegia eta herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko diren.