ELAk Chiviteren gobernuaren aurkako helegitea iragarri du
ELAk duela urtebete eskatu zuen etxeko langileentzako erreferentziazko hitzarmena Nafarroako Eraikinen eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena izatea. Eskaera hori duela urtebete egin zen, eta denbora horretan Lan Sailak, Chivite presidentearen menpe dagoenak, ez du erantzuteko ahaleginik ere egin. Horregatik, administrazioaren isiltasun negatiboaren aurrean, ELAk gelditasun horren aurkako errekurtsoa jartzea erabaki du.
Langileen Estatutuak berak jasotzen du aipatutako aukera. Estatutuaren 92.2 artikuluak gaitzen du kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskuduna, kasu honetan, Nafarroako Lan Saila, indarrean dagoen hitzarmen kolektibo baten ondorioak zabal ditzan negoziatzeko legitimazioa duen alderdirik ez dagoen sektore batera. Kasu honetan, ELAren ustez, etxeko enpleguaren sektoreak ezaugarri horiek ditu, eta, horregatik, erreferentziazko hitzarmen bat aplikatzeko eskubidea izan beharko lukete, hala nola garbiketa-hitzarmena.
Era berean, ELAk Nafarroako Gobernuari babesa ematen dioten alderdi politikoak eta haien babesarekin edo abstentzioarekin Gobernuak urteko aurrekontuak onartzea ahalbidetzen dutenak interpelatzen ditu. Aurrekontu horiekin egungo zaintza-sistema betikotzen da, prekarietatean eta pribatizazioan oinarritua, eta ez zaie erantzunik ematen 2023ko Greba Feminista Orokorraren aldarrikapenei. 9.000 etxeko langile inguru daude Nafarroan, egungo zerbitzu publikoak nahikoak ez direlako eta egungo asistentzia-beharrak asetzen ez dituztelako.
Horregatik guztiagatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio urratsak eman ditzala etxeko langileen baldintzak duintzeko, haientzat erreferentziazko hitzarmen kolektibo bat ezarriz. Era berean, zaintza sistema publikoa, doakoa, unibertsala, kalitatezkoa eta erantzunkidea aldarrikatzen du.
Nabarmendu behar da etxeko enplegua, sektore feminizatua eta arrazializatua deta eta gaur egungo sektore prekarioenetako bat dela. Egun 9.000 pertsona inguruk lan egiten dute etxeko langile gisa Nafarroan, eta horietatik % 25 erregularizatu gabe daude, prekarietate eta segurtasun eza gehituz haien lanari.