ELAk dei egiten die Nafarroako irakasle eta eskolei atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei errefusa adierazteko

2019/01/22
ELAk gogorarazten du programa hauek aberrazio pedagogikoa direla, eta hezkuntza komunitateari dei egiten dio hauen aurrean errefusa adierazi eta zentzuzko hizkuntzen irakaskuntzaren alde egiteko

Hezkuntza Departamentuak deialdia atera berri du Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroek atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetatik sartu edo ateratzeko aukera izan dezaten 2019-2020 ikasturterako. ELAk gogorarazten du programa hauek, ingelesez gehienetan, UPN-PSNko gobernuek masiboki inposatuak izan zirela Nafarroako eskola askotan. Prozesu hau programen aurretiko analisi eta ebaluaziorik egin gabe eraman zen aurrera, hizkuntzen irakaskuntzako aditu zein eskolen klaustroen iritzia kontuan hartu gabe. Izan ere, IIP-PAI programan zentroak sartzeko erabakia Departamentuko Ingeles Atala eta Ikuskaritza Zerbitzuaren iritzi teknikoaren kontra hartu zen gehienetan. Gaur egun, Nafarroako 50 herri eta 100 zentro baino gehiagotan atzerriko bitarteko hizkuntza batean ikastea da gurasoek beren seme-alabak matrikulatzeko duten aukera bakarra. Ez dezagun ahaztu nafarroako ikasle guztiek dagoeneko atzerriko hizkuntza bat ikasten dutela ikasgai bezala, hau da nolanahi ere hobetu beharko litzatekena.

Atzerriko hizkuntza bat bitartekotzat erabiltzea aberrazio pedagogikoa da (are gehiago eremu ez-elebidunetan): programa hauek kurrikuluen hustutzea dakarte, izugarrizko aparteko ahalegina ikasleentzat (zer esanik ez ikasteko zailtasunak edota behar bereziak dituztenentzat) eta segregaziorako bide bat irekitzen dute. Programa hauetan ikasleak sailkatuak dira haien “egokitze ahalmena”ren arabera. Honen ondorioz, egoera sozioekonomiko txarrenetan dauden ikasleak kaltetuenak dira. Batetik hauen gurasoek ezin diete atzerriko hizkuntzarekin lagundu, eta bestetik ez dute baliabide ekonomiko nahikorik klase partikularrak ordaintzeko enborrezko ikasgaietan (matematikak, gizarte zientziak, natur zientziak, historia…) sartutako hizkuntza zailtasunei aurre egiteko.

Programa hau ezarri ondoren egin diren ebaluazioek begibistan utzi dute ikasleen hobekuntza eskasa Haur eta Lehen Hezkuntzan zehar atzerriko hizkuntzan 3000 ordu jaso eta gero. Ordu hauek adin helduago batean erabiltzea produktiboagoa litzateke. Programa “elebidun” hauek zabalki gaitzetsiak izaten ari dira ezarriak izan diren estatuko gainerako erkidegoetan hezkuntza komunitatearengandik. ELAn atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren inguruko txostena zabaldu genuen iaz Nafarroako Gobernuak hizkuntzen tratamentu integratuaren inguruan antolatu zituen jardunaldien harira. Hezkuntza Departamentuaren arduragabekeria salatzen dugu berriz ere, programa hauei jarraipena ematen baitie eta haien hedapena onartzen baitu 2021-2022 ikasturtera arte (beste ebaluazio bat egingo da).


Irakasleei dagokienez programa hauek ondorio latzak ekarri dituzte. Esperientzia handiko ehunka irakale funtzionario desplazatuak izan dira beraien ikastetxeetatik exijitutako hizkuntzaren maila nahikoa ez izateagatik. Eskakizun hau ez dago 276/2007 funtzio publikoan sarbiderako Errege Dekretuan jasota. Logikoa denez, bakarrik hizkuntzetako espezialistentzat dago onartua eskakizun hori, ez jeneralistentzat ezta beste arloetako irakasleentzat ere. Bestalde, prestakuntza pedagogikoa edo esperientzia gutxiagoko irakasleak lanpostu hauetan sartu ziren atzerriko hizkuntza batean titulazioa izateagatik batez ere. Langileen behin-behinekotasuna eta errotazioa nabarmenki igo dira atzerriko hizkuntzetan irakasten duten zentroetan. Honek lan baldintzak eta irakaskuntzaren kalitatea okertu ditu.

 

Laburbilduz, hau guztia gure hezkuntza sisteman eta kalitatean kalte nabariak sortzen ari da. Gure ikasleek adin horretan Nafarroako bertako hizkuntzetan irakur-idazmena finkatu beharko lukete, hezkuntzako lehenengo etapetako oinarrizko ezagutzak barneratzen dituzten bitartean. Arrazoi hauengatik, ELAk dei egiten die ikastetxeetako zuzendaritza taldeei eta irakasleei klaustroetan haien errefusa adierazteko programa hauen aurrean. Itunpeko sarean, diru publikoarekin ordaindua, Nafarroako Gobernuak araudia aldatu zuen patronala bera izan zedin aldebakarrez erabakitzen duena programa hauetan sartzea edo jarraitzea, klaustroekin eta eskola kontseiluekin kontatu gabe. Lehenbailehen ateratzea ezinbestekoa da gure ikasleengan atzerriko bitarteko hizkuntzetan ikasteak sortu eta sortzen dizkien ondorio latzak leuntzeko. LOMCEren ildo merkantilista gelditzeko apostua egiten dugu, eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza (ikasgai bezala) hobetzekoa. Lehentasuna ikuspuntu praktiko eta komunikatiboari eman behar zaio, talde txikiagoetan, bikoizketekin, solaskide laguntzaileekin eta ikasle-trukeekin, hauek guztiak testuinguru errealago eta eraginkorrago batean hizkuntza ikasi eta erabiltzeko.