ELAk deitoratu du PSN-k ez duela euskararen ezagutza baloratzeko inongo borondaterik Nafarroako zenbait eremutan

2021/06/08
Alzorriz bozeramaileak esan duenez, eremu ez-euskalduna deiturikoan, atzerriko hizkuntzen ezagutza meritu bezala aitortuko den bitartean, euskarak ez du baliorik edukiko.

2019an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Administrazioan euskararen erabilera arautzen zuen dekretuaren artikulu batzuk bertan behera utzi zituenetik, Nafar Gobernua ez da gai izan administrazioan euskeraren erabilera erregulatuko duen dekretu berri bat adosteko. Gaur egun dagoen hutsune legalaren ondorioz, sententziaz geroztik egondako oposizio eta lehiaketa publikoetan ziurgabetasun juridiko handia eragin zaie hiritar euskaldunei eta kaltetu ugari egon dira, euskararen ezagutza kontuan hartu ez denean.

Ezinbestekoa da euskara erabiltzen dugun nafarron eskubideak bermatuko dituen dekretu bat adostea. Gogora ekarri nahi dugu 2017an Barkosen gobernuak onartu zuen dekretuari babesa eman zion sindikatu bakarra izan zela ELA. Nahikoa ez bazen ere, aurrera pauso bat suposatu zuen euskararen ezagutzaren aitortzan. Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituen 2019ko epaiaren ondoren, ELAk kritikatu zuen Nafar Gobernuak helegiterik aurkeztu ez izana. Hala, aukera galdu zen abian zegoen dekretu baten aldeko apostua egiteko.

Momentu horretatik ia bi urte igaro badira ere, ez da erregulazio berririk egon eta egun hauetan Nafar Gobernu-kideek egindako adierazpenen ondoren, badirudi ez dagoela adostasunik. ELAri bereziki kezkagarria iruditzen zaio PSNk defendatu duena, hots, eremu ez-euskaldunean euskera ez baloratzea.

ELAk beti defendatuko du Nafarroako hizkuntza den heinean, euskararen ezagutza meritu bezala aitortu behar dela. Horregatik, etorriko den dekretuaren inguruan PSNK egindako iragarpena gogor kritikatu du ELAk, Nafarroako eremu ez euskaldunean, atzerriko hizkuntza bat ezagutzea meritu izango delako, euskarak baliorik edukiko ez duen bitartean.