ELAk deitoratu egin du LABek parte hartzen ez duen mobilizazioak desaktibatzeko duen interesa

2021/01/22
Kontraprogramazioa eta ELAk deitutako zaintza-grebetan ez parte hartzeko deia sektoreko langileei kalte egiten dieten praktikak dira.

Zaintza-lana duintzea lehentasuna da, sektore feminizatua baita, guztiz prekarioa eta pandemian bereziki kolpatua. Hori lortzeko, garrantzitsua da sindikatuok aliantzak sortzeko gai izatea. Hori dela eta, ELA 2020ko ekainetik gabiltza LABekin batera dinamika bat jartzen saiatzen. Tamalez, LABek gure proposamenak baztertu ditu Nafarroan. Ez da gauza bera gertatu EAEn, urtarrilaren 26an greba egingo baitugu ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek deituta. ELArentzat zaintzaren sektoreko lan-arazoa berdina da EAEn eta Nafarroan, eta, beraz, zaila iruditzen zaigu ulertzea LABek grebara deitzea EAEn, baina ez Nafarroan.

Nolanahi ere, egia esan, nahiko ohikoa izaten da sindikatuok gure arteko desadostasunak izatea. Hala ere, ohikoa ez dena, eta langileentzat bereziki txarra iruditzen zaiguna, sindikatu batek modu aktiboan lan egiten duenean beste sindikatu batek deitzen dituen mobilizazioei boikota egiteko, eta, gainera, helburuekin bat egiten duenean. Eta zoritxarrez hori da LAB egiten ari dena.

Azaroaren 17an ELAk greba egin zuen zainketen sektorean. LABek, greba ez egiteaz gain, kontraprogamatzea erabaki zuen, eta egun horretarako mobilizazio-egun bat deitu zuen esku-hartze sozialaren sektorean. Egutegiko beste edozein egun hauta zezakeen, baina gure grebarekin bat egitea erabaki zuen.

Datorren urtarrilaren 26an beste greba egun bat egingo dugu zainketen sektorean. Tamalez, greba hasi baino 4 egun lehenago LABek mobilizazioa desaktibatzeko agiri bat ateratzea erabaki du.

Gure aldetik, uste dugu ahalegin guztiak egin behar direla aliantzak batzeko, zaintza-lana duin bihurtzeko. Horretarako, ezinbestekoa da praktika sindikal okerrenetan ez erortzea; kontraprogramazioa eta beste sindikatu batzuek helburu legitimo eta partekatuekin deitzen dituzten mobilizazioak indargabetzeko ahaleginak.

Hala ere, zaintza-sistema duina lortzeko aliantzak lortzeko beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Martxoaren 4an, hori lortzeko aukera berri bat dugu (egun horretan, EAEn, beste zaintza-greba bat egingo da, sindikatu guztiek deituta), eta ELAk bere esku dagoen guztia egingo du hori lortzeko.