ELAk deitoratu egin du Nafarroako Gobernuak Egonkortze Legean aurreikusitako epeak agortu izana, sindikatuekin benetako negoziazioa saihesteko

Astebete eskas falta da Nafarroako Gobernuak egonkortze-prozesuei dagozkien lan-eskaintzak argitaratzeko. Hala ere, Gobernuak aldi baterako lau pertsonatik bakarra egonkortu nahi du. Datuek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ETT handiena izaten jarraitzearen alde egiten duela, baita aldi baterako enplegua sistematikoki, gehiegikeriaz eta iruzurrez erabiltzen jarraitzearen alde ere, egiturazko lanpostuak betetzeko.
Horrek guztiak agerian uzten du Nafarroako Gobernuak ez duela borondate politikorik behin-behinekotasunari aurre egiteko. Funtzio Publikoak urtetan esan izan du Estatuko erreposizio-tasen ondorioz ezin zela Foru Administrazioan behar ziren LEPak aurrera eraman. Halabaina, gaur egun 20/21 Legeak aukera ematen du aparteko LEPak egiteko eta, horrela, erreposizio-tasaren langa gainditzeko. Aukera horren aurrean, gaur Mahai Orokorrean aurkeztutako Foru Lege Dekretuak ahalik eta plaza gehien estabilizatzeko eta, horrela, behin-behinekotasuna nabarmen murrizteko helburua izan beharko luke. Baina ez dirudi araudiaren edukiak helburu hori duenik, ezartzen diren irizpideek Administrazioko aldi baterako lau lanpostutatik bakarra deitzeko aukera ematen baitute.
ELAk ez du egoera hori onartuko, eta mobilizazioak bultzatuko ditu aste honetan, behin-behinekotasunak dakarren prekarietatearekin amaitzeko.