NAFARROAKO AURREKONTUAK
ELAk eduki zehatzak eskatzen dizkie aurrekontuak negoziatzen ari diren talde parlamentarioei sektore publikoetako gatazkak konpontzeko

Gaur egun, konpondu gabeko hainbat lan gatazka daude zerbitzu publikoa ematen duten eta Nafarroako Gobernuaren ardurapeko sektoreetan. Besteak beste, Hezkuntza Publikoarena, Itunpeko Hezkuntza, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmenaren aldeko borroka, Osasunbideko karrera profesionala, Ogasuneko produktibitate osagarria edo desgaitasuneko eta esku hartze sozialeko hitzarmenak. Diru publikoarekin sostengatutako sektoreak dira, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan enpresa pribatuei kudeaketa eskainiz. Baina kasu guztietan, langileen baldintzak beti daude erabaki politikoen baldintzapean. Zehazki, urtero onartzen diren aurrekontuen mende.
Ia 10 urte igaro dira UPNk aurrekontuak onartzen ez dituenetik. Lehen ez bezala, orain gobernuan dauden alderdiek (PSN, Geroa bai eta Contigo-Zurekin) eta urtero aurrekontuak onartzen dituen EH Bilduk langileen aldarrikapenak babesten dituzte. Adibidez, Parlamentuak ebazpena onartu zuen aho batez 2022an, erresidentzietako hitzarmena aurrera atera zedin. Duela hilabete, hezkuntzako irailaren 26ko greban, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin publikoki atera ziren mobilizazioen alde.
Gauza bera gertatzen da politika feministarekin aldarrikapenarekin. Joan den asteko grebarekin, erresidentzietako langileek 22 greba egun egin dituzte sektoreko lehen hitzarmena lortzeko. Sektore horretan, % 90 emakumeak dira, eta feminizatutako kolektiboen baldintzak hobetzea politika feminista egitea litzateke. Diskurtsoetatik haratago, aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzeko aukera dute alderdiek.
ELAk nabarmendu du langileen baldintzak eta eskubideak hobetzea zerbitzu publikoak hobetzeko lehen urratsa dela. Horregatik, ELAk eskatu du aurrekontuak onartzen dituzten alderdi politikoei aldarrikapen hauek aintzat hartzea.
Horrez gain, ELAk uste du ezinbestekoa dela mobilizazioa baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko, eta, horregatik, biharko Hezkuntza Publikoko grebarako deia egiten du, eta joan den asteko erresidentzietako 22. greba eguna nabarmendu.