ELAk elkarretaratzea egin du Iruñean SEPEk ABLEen ordainketan dituen atzerapenak salatzeko eta bitarteko eta langile gehiago eskatzeko

2021/12/16
Sindikatuak Estatuko Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die behar diren baliabideak jar ditzatela langabezia-prestazioaren ordainketa guztiak urtea amaitu baino lehen ordain daitezen

ELAk elkarretaratzea egin du Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean, SEPEn (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) baliabiderik eta langilerik ez dagoela salatzeko; izan ere, atzerapena eragiten ari da langabeziagatiko prestazioen ordainketetan, eta atzerapen hori milaka langileri eragiten die, haien enpresek enplegu-erregulazioko aldi baterako espedienteak aplikatu baitituzte.

Atzerapena 2020ko martxotik metatzen ari da, eta, beraz, gaur egun zor den dirua ez da ordainduko urtea amaitu baino lehen. Prestazioak kobratzeko atzerapen onartezin horrek zuzeneko ondorioak ditu Nafarroako milaka langileren bizi-kalitatean, eta egoera hori larritu egin daiteke, gaur egun enpresa askok jarraitzen baitute ERTEak aplikatzen.

SEPEren kolapsoa langile eta bitarteko faltak eragindakoa da. SEPEko langileak pandemiak sortutako lan-karga handiari aurre ezin eginda daude, erretiratu diren langileak ez direlako ordezkatzen, Ministerioak Covid-ak sortutako egoerari aurre egiteko kontratatu ziren errefortzuko langileak ez direlako berritu eta SEPEren aplikazio eta sistema informatikoen zaharkituta daudelako, besteak beste.

ELAk Estatuko Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die behar diren bitartekoak jar ditzatela urtea amaitu baino lehen langabezia-prestazioaren ordainketa guztiak ordain daitezen eta salatutakoak bezalako gertaera larriak berriro gerta ez daitezen.