ELAk elkartasuna adierazi die Altsasuko auzipetuei Auzitegi Nazionalean

2018/04/24
Mitxel Lakuntzak epaiketaren proportzionaltasun eza salatu du Madrilen, Nafarroako bestelako sindikatu batzuekin egindako agerraldian.

ELAk elkartasuna adierazi die Altsasuko gazte auzipetuen senide eta lagunei Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Gazteei babesa agertzeaz batera, irmo salatu du auzi hau injustizia latza dela. Madrilera abiatu dira gaur Nafarroako sindikatu ezberdinetako ordezkariak, tartean ELA; zehazki, Mikel Lakuntza (ELAko Nafarroako koordinatzailea) eta Gorka Vierge (ELA-Sakanako arduraduna) daude bertan.

Auzitegi Nazioanalaren atarian, Mikel Lakuntzak adierazi duenez, “hile luze hauetan Nafarroan bi mezu nagusi barneratu dira: proportzionaltasuna eta justizia. Esan beharra dago Altsasuko gazte auzipetuen senide eta lagunek bultzatutako mobilizazioei esker lortu dela Nafarroan mezu hori nagusitzea. ELAk bat egiten du mezu eta mobilizazio horiekin, argi izanda auzia Auzitegi Nazioanaletik kanpo kokatu beharko litzatekeela.

Ildo beretik, ozen salatzen dugu Altsasuko herriaren eta gau hartan gertatutakoaren gainean eraikitako irudia ez datorrela bat errealitatearekin, eta helburu politiko batzuk medio eraikitako kontakizun baten aurrean gaudela.