ELAk errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegiterik ez jartzeko hartutako erabakia

2019/10/23
ELAren ustez, erabakia espero izatekoa zen, Gobernuko goi-kargudunek, tartean Hezkuntza kontseilariak, parte hartu baitzuten eskuin muturrak 2018ko ekainaren 2an euskararen kontrako manifestazioan Aurreko legegintzaldian, ELAk Euskara Lege berri bat proposatu zuen, eta indargabeturiko dekretua babestu zuen sindikatu bakarra izan zen; Gobernuak helegitea jarri behar du.

ELAk erabat arbuiatzen du Nafarroako Gobernuak 2017ko Euskararen Foru Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzen dituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari helegiterik ez jartzeko hartutako erabakia. Zoritxarrez, ELAk uste du erabakia espero izatekoa zela, Nafarroako Gobernuko goi-kargudunek, tartean Hezkuntza kontseilariak, parte hartu baitzuten eskuin muturrak 2018ko ekainaren 2an euskararen aurka egindako manifestazioan. Nafarroako Gobernuaren erabaki hori zazpi erakunde sindikalen (ELA, LAB, esk, CGT, Steilas, EHNE eta hiru) jarreraren aurkakoa da, baita Kontseiluak joan den larunbatean egindako mobilizazioaren aurkakoa ere.

Sententzia honek, agerian uzten du beharrezkoa dela zonifikazioa gaindituko duen lege bat; orain agerian geratu bada ere, behar hau ez zen nahikoa izan aurreko Gobernuak (2015-2019) beste lege bat abiatzeko. ELAk, aldiz, lege zehatz baten proposamena aurkeztu zuen Parlamentuan (2018ko ekainean), baina politikariek ez zuten aintzat hartu, hauteskundeak gertu zirela edo gehiengo nahikorik ez zegoela argudiatuz. Zoritxarrez, gaur agerian geratu da hura zela bide eraginkor bakarra: aukera galdu zen.

Indargabeturiko dekretuak sindikatu bakar baten babesa jaso zuen: ELArena. Oso motza zela aitortuta ere, ELAk bere babesa eman zion, euskararen egoera larriak aurrerapenak behar dituelako, nahiz eta txikiak izan; aurrera joateko aukerak probestu behar dira. Beste inork ez zuen orduan horrelakorik ikusi, nahiz eta orain Auzitegi Nagusiaren ebazpena gogor salatu.

Gauzak horrela, ELAk azpimarratzen du euskara eta euskaldunon eskubideak defendatzeko mobilizazioa eta ahalegin politiko eta pedagogikoa berpiztu behar ditugula. Hori da historian zehar eragile sozial, politiko eta sindikalak egin duguna, orain oso argi geratu delako -batzuentzat hain argia ez zela badirudi ere- Nafarroako Gobernuak eta bere aliatu sindikalak (oraingo honetan UGT, Afapna, Sindicato Médico eta Satse) betiko lekuan daudela: uste dute euskara bigarren mailako hizkuntza dela, zonalde euskaldun txiki horretan zokoratuta eta, ahal bada, famili-eremuan bakarrik erabiltzeko, esparru publikotik kanpo. Suspertzeko ordua da.