ELAk eskatu du Iruñeko El Vergel Egoitza Publikoa berehala itzul dadila lehengo tokira

Hala jakinarazi die sindikatuak ANADPeko (Nafarroako Autonomia eta Pertsonen Garapenerako Agentzia) Langile Batzordeari eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilariari abenduaren 22an egindako bileran. Bilera horretan, ELAk, halaber, beharrezko neurriak eta baliabideak eskatu ditu jasandako uholdearen ondorioak ahalik eta azkarren konpontzeko.
ELAren ustez, larrialdi-egoera batek behartutako lekualdaketa hori ez da denboran luzatu behar. “Ahal diren baliabide guztiak erabili behar dira, sailburuak bere esku dituenak, zerbitzu publiko hori ematen zen kalitate-baldintzetan ematen jarrai dadin, eta langileek eta erabiltzaileek gehiago sufritu ez dezaten”, azpimarratu du.
Sindikatuak adierazi du espazioak oso txikiak direla, eta langileek, beren ahaleginarekin, sukaldeak, garbitegia, officeak, aldagelak... egokitu behar dituztela, baina oso egoera deserosoan ari direla lanean. Ondorioz, langileen karga fisiko eta emozionala nabarmen handitu da.
ELAk adinekoak eta langileak zaintzea eta Vergel bere tokira itzultzeko epeak ahalik eta gehien laburtzea eskatu du.