Nafarroako Erresidentziak

ELAk ez du hitzarmena sinatu langileen erosahalmena ez duelako bermatzen

2026/09/01
ELAk ez du hitzarmena sinatu langileen erosahalmena ez duelako bermatzen
Uda baino lehen patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin izandako negoziazioetan, ELAk bere aldarrikapenetako batzuk jasotzea lortu zuen; besteak beste, hitzarmenaren blindajea eta haren aplikazioa, edo lanaldiaren murrizketa egun osotan egitea.

Hala ere, hitzarmenaren testuak ez zuen bermatzen 2027 eta 2030 arteko KPIaren araberako soldata-eguneratzea (2029 urterako adostutako soldata igoera soilik % 1,9koa da, adibidez). Ondorioz, ELAk jakinarazi zuen sinadurarekin bat egingo zuela, baldin eta testuak erosahalmenari eusteko bermea jasoko balu.

Patronalak puntu hori negoziatzeko prest agertu ziren arren, ez zuten aurreakordioan sartu, eta ez zuten hitzarmenaren behin betiko idazketan sartzeko konpromiso formalik hartu. Gainerako sindikatuek, berriz, berme hori eskatu gabe babestu zuten testua, eta horregatik erabaki zuen ELAk sinadurarekin bat ez egitea.

ELAko ordezkari eta afiliatuak etengabe mobilizatu dira eta 22 greba egun egin dituzte 2020az geroztik, Estatuko hitzarmenak dakarren prekarietatea behingoz amaituko duen Nafarroako lehen Hitzarmena lortzeko. ELAren ustez sinatutako hitzarmen kolektiboak langileen borrokari esker sinatu da, eta hitzarmen horrek ez du KPIren klausularik, gainerako sindikatuentzat ez delako lehentasuna izan.