ELAK ez du onartuko erosahalmenaren galera suposatuko duen akordiorik
Atzo goizean Nafarroako esku-hartze sozialerako negoziazio mahaia izan zen eta ELArentzat oso kezkagarriak diren hainbat kontu gertatu ziren. Tartean, soldatetan ia bakarrik zentratzen den 6 urterako hitzarmen proposamen bat onartzera ireki direlako LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Hau oso larria da, sektoreak dituen aldarrikapen gehienak ez daudelako mahai gainean eta Nafarroako Gobernuari 2033. urtera arte bake soziala izateko txeke txuri bat ematen zaiolako.
ELAk sarri aipatu du hitzarmen berri honek sektore publikoarekin ekiparazioan aurrerapausoak emateko balio behar duela, lan baldintzen hobekuntza nabarmen batekin lotuta; soldatetan, jardunaldian, lizentzia eta baimenetan, lan osasunean, binkulograman, kontratuen partzialitatean, adinagatiko lanaldi murrizketan eta beste hainbat aldarrikapenetan aurrera pausuak eman behar dira. “Euskal Herrian, sektore berdinean, borroka eta mobilizazioen ondorioz hori lortu dela ikusi dugu, zergatik Nafarroan ez?”, kexu da sindikatua.
ELAk ez du konpartitzen mahaietan bakarrik soldatei buruz hitz egitea, are gehiago, erosahalmenaren galera bat ez egotea bermatzen ez denean. 2026.urtean jada ia %1eko erosahalmenaren galera sufritu du sektoreak. Gaurko proposamenarekin, hots, 6 urteko indarraldi luze batekin eta KPI berrikusketarik gabe eros ahalmena ez dago bermatuta.
ELA oso kritikoa da mahaiaren ibilbidearekin, beste sindikatuak patronalen eta Nafarroako Gobernuaren jokoan erori direlako. “ELAren eredua kontraboterean oinarritzen da, baina tamalez mahaian dauden beste 3 sindikatuen ekintzek eredu horren antipodetan kokatzen dira”.
Nafarroako esku hartzeko sektoreak hitzarmen integral bat behar du, lan baldintzen hobekuntza nabarmenekin Euskal Herriko beste hitzarmen berdinei gerturatuz, ez enpresei eta Gobernuari eskainitako bake sozial merke bat.