ELAk ez du sinatu Okindegietako Hitzarmena, sektore horretako prekarietatatea murrizten ez duelako

2020/01/22
ELAk ez du sinatu Okindegietako Hitzarmenaren aurreakordioa, eskasa delakoan, ez baitu bermerik eskaintzen gero benetan aplikatua izanen dela ziurtatzeko; eta gainera ez du sektore horretako prekarietatea murriztuko. Hitzarmenaren puntuak, gehienbat, patronalaren onerako dira, nahitaezko malgutasuna zabaldu baita. Izan ere, malgutasuna 3 larunbatetik 6 larunbatera gehitu da, eta ez da izanen soilik larunbat goizetan.

 

Alde horretatik, oroitu beharrekoa da ELAk elkarretaratzeak antolatu zituela abenduan, nahitaezko malgutasuna areagotzeko asmoari gure ezetza adierazteko. Bertzalde, 5. txandako plus bat sinatu da, 30 €-ren ordain zekenaren truke. Gogoan izan 3. txandako plusa 211 €-koa dela.

ELAren iritziz, UGTk eta CCOOek sinaturiko akordio hori dela-eta, aukera on bat galdu dugu sektore horretako lan-arazoetako anitz konpontzeko: kontziliazioa, ordutegiak, behin-behinekotasuna... Orobat, hitzarmenaren negoziazioa langileen ezkutuan eraman da, biltzarrik egin gabe, eta gero ez dute aurkeztu Nafarroako okindegi-lantegietan, langileek berretsi zezaten.

Azkenik, ELAk sektore horretako langileak bultzatzen ditu lantegietan erreibindikazioak antolatzera, haien egoera duintzearren, eta UGTk, CCOOek eta Patronalak hitzarturiko lan-baldintzak hobetzearren.