ELAk ez du sinatu Zementu-deribatuen Hitzarmena, non UGTk eta CCOOek 2020. urtetik goiti errelebo-kontratuari uko eginen diotela jasota utzi duten

2019/01/22
Enpresek errelebo-kontratua egiteko duten eginbeharra 2020ko abenduaren 31n deuseztatuko da. Hitzarmen berrian asistentzia-funtsa kendu da, malgutasuna areagotu eta eroste-ahalmenaren galera 5 puntu baino gehiago handitu.

UGTk, CCOOek eta patronalak akordio bat egin dute, Zementu-deribatuen Nafarroako Hitzarmena, 2019 eta 2020 urteetakoa, sinatzeko. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da lehengo sektore-hitzarmenaren indarraldia 2009. urtean agortu zela.

 

ELAk akordioa ez sinatzeko izan dituen arrazoiak honako hauek dira:

  • Sektore horretako enpresak beharturik zeuden errelebo-kontratua egitera; bada orain UGTk eta CCOOek patronalarekin hitzartu dute eginbehar hori kentzea 2020ko abenduaren 31tik aitzin.

  • Soldaten arloan, akordioak 5 puntu baino gehiagoko galera ekarriko dio eroste-ahalmenari, zeren soldatak 2009tik eguneratu gabe baitzeuden, eta 2019rako itunduriko soldata-igoera Estatuko Hitzarmenean ezarritakoa izanen baita. Oraingo honetan ere UGTk eta CCOOek negoziazio kolektiboa estatalizatzearen alde jokatu dute, lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea nafar langileei ukatuz. Patronala erosoago sentitzen da estatuko hitzarmenak negoziatzean, zeren erabakitze-guneak lantokietatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta aiseago jaisten dira lan-baldintzak.

  • Sinatzaileek asistentzia-funtsa kentzea ere erabaki dute.

  • Bertzalde, akordioak erraztasunak ematen dizkie enpresei malgutasuna zabaltzeko, larunbat, igande eta jai-egunetan ere bai.

  • Orobat, akordioan ez da blindajerik jaso, azken lan-erreformen alderdirik atzerakoienetatik babesteko.

 

Horregatik guztiagatik ELAk Zementu-deribatuen Hitzarmena ez sinatzea erabaki du, sektoreko lan-baldintzak nabarmen hondatuko dituelakoan. Azkenik ELAk Zementu-deribatuen arloko langileak bultzatzen ditu lantokietan ekinbideak antolatzera, eta enpresa-hitzarmenak galdatzera, beti ere lan-baldintzak duintze aldera.